Erdi Aroko Azokako argazki lehiaketa deitu dute
Asteburuan egingo da Erdi Aroko Azoka eta bertan egindako argazkiak aurkeztu daitezke lehiaketara.
Asteburuan ospatuko den Erdi Aroko Azokari begira argazki lehiaketa antolatu du Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo departamentuak. Larunbat eta igandean ateratako argazkiak onartuko dira lehiaketan, eta uztailaren 3ra arte izango da lanak aurkezteko epea. Hiru argazki onenak sarituko dituzte, 500, 400 eta 300 eurorekin.
Argazkilari bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ditzake, 20×30 zentimetroko formatuan, koloretan edo zuri beltzean, markorik eta euskarririk gabe.
Iazkoak, Arma Plazan
Dagoeneko muntatu egin dute iazko Erdi Aroko Azokako argazkien erakusketa. Arma Plaza kultur eta informazio guneko goiko solairuan bisitatu daiteke hilaren 16ra arte, 10:00etatik 19:00etara (igandean, goizez).
Orotara 99 argazki biltzen ditu erakusketak, eta horien artean daude Omar Igualen Preparado ante la amenaza (lehen saria), Javier Ortizen Monje (bigarrena) eta Manu Barreiroren Manos de artista (hirugarrena). Ea aurten euskaraz aurkezturiko obraren bat sartzen den sarituen artean.