Energia eta dirua aurrezten irakatsiko dute hilaren 19an
Gipuzkoa Argitu programaren barruko tailerra egingo dute Hondarribian. Hilaren 17a baino lehen eman behar da izena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, etxeetan, enpresetan eta elkarteetan energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko tailerra antolatu du. Gipuzkoa Argitu programaren barruan kokatzen da tailerra, eta doan da.
Hilaren 19an egingo dute, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Izena eman nahi dutenek hilaren 17a baino lehen egin behar dute, posta elektronikoz edo 943 11 12 42 telefono zenbakira deituz (astelehenetik ostiralera, 09:00tatik 14:00etara).
Antolatzaileen arabera, energia erabiltzaile garen heinean, tailerra guztiontzat da interesgarria: “Denok erabiltzen dugu energia (argindarra, gasa, gasolioa…) gure egunerokotasunean, horregatik da guztiontzako interesgarria saio hau. Agian aholku batzuk ezagunak egingo zaizkizu baina adibidez, bonbilla bat erosterako garaian asko dira kontuan hartu beharreko faktoreak, baina askoz gauza gehiago azalduko dira saioan”.
Tailerrera joaten direni, Energia aurrezkiari eta eraginkortasunari buruko aholku praktikoen gida banatuko diete. “Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku”, gaineratu du aldundiak.
Gipuzkoa Argitu programa
Gipuzkoa Argitu programaren barruan kokatzen da hilaren 19ko jarduera. Gipuzkoako sektore ezberdinei energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea da programaren helburua, beti ere modu erraz batean azalduta.
Aldundiak azaldu duenez, programari begira, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, aurrez aurreko aholkularitza-zerbitzua Energia Azoketan, eta abar.
Gipuzkoa Argitu programari buruzko informazio gehiago behar duenak, programaren webgunean aurkituko du.