Egin behar denez, ondo egin
Selektibitate probaren kontra dauden arren, Hondarribiko Gaztetxeko kideek azterketak prestatzeko saioak antolatu dituzte, irakasle eta guzti.
“Ez gaude alde, baina beste erremediorik ez dugunez, egin dezagun ahalik eta hoberen”. Pentsamolde horri jarraituz ekin diote Hondarribiko Gaztetxeko gazteek institutuko azken urteko une erabakigarriari. Selektibitatea prestatzeko saioak egin zituzten joan den astean, irakasle eta guzti. Egin behar ez izatea aldarrikatzen dute, baina hala ere, nota onarekin bukatu nahi dute ikasturtea.
Aste Santutik egoitza duten Alde Zaharreko Egiluz jauregiko beheko solairuko areto handian eman dituzte klase gehienak. Filmak eta dokumentalak ikusteko jarri duten proiektorea baliatu dute. Ordu berean bi klase egon direnean, lehen pisuko liburutegian ere aritu dira. Pareta batean Selektibitateari ez dioen pankartak argi erakusten du gaztetxea ez dagoela hurrengo asteko azterketen alde. “Gu ez gaude gaur egungo hezkuntza sistemaren alde, eta esan dezakegu sistema honen erakusle nagusia selektibitatea dela”, azaldu du Urko Iridoy gaztetxeko kideak. Hori horrela, erabaki zuten klaseak antolatzea: “Jakintza kolektibizatzeko gure iniziatiba hau aurrera eramateko erabakia hartu genuen, selektibitateko proba gure jakintzekin hobeto prestatzeko klaseak eginez”.
Hark dagoeneko pasata du institutuko garaia, ez ordea Igauri Lopetegik. Aurten egin beharko du selektibitatea eta ondo baino hobeto baliatu du gaztetxearen egitasmoa: «Orain arte hiru klasetara etorri naiz, eta bihar ere etortzeko asmoa daukat», esan zuen asteazkeneko saioa bukatuta: «Orain artekoak oso ongi joan dira, Historian gai guztiak errepasatu ditugu, eta bakoitzaren zalantzak argitu. Latinean ere zalantza asko argitu genituen. Eta Matematikakoek ere oso ongi joan zaiela esan didate».
Astelehenean Historia eman zuten, asteartean letretako Matematikak eta Latina, asteazkenean Historia berriro, eta ostegunean Filosofia, zientzietako Matematikak eta Gaztelania. Saio bakoitza irakasle batek gidatu duela nabarmendu du Iridoyk: “Irakasle ofizial bat lortu dugu, institutuko ikasleen artean gaztetxeko kideak dituena eta ekimenaren berri izanda lagundu nahi izan duena. Beste bat klase partikularrak ematen aritzen da. Eta gainontzeko irakasleak gaztetxeko kideak dira, ikasleak”.
Klaseak debalde izatea eta ikasleek lanketan parte hartzea txalotu du Lopetegik: “Oso ideia ona iruditu zait. Partikularrak ez dira merkeak izaten, eta langileon arteko zaintza tresna bikaina iruditu zait selektibitatearen moduko inposizio bati aurre egiteko”.
Ospatu ere egingo dute
Selektibitatea ahalik eta hoberen prestatu nahi dute institutuko azken urtean daude Hondarribiko Gaztetxeko kideek. Bihar, etzi eta etzidamu egingo dituzte azken azterketak eta larunbatean ospatu egingo dute. Selekti ondorengo parranda egingo dute ekainaren 8an, goiz eta arratsaldez.
Hasteko, Erdi Aroko karakterizaziyu tailerra egingo dute, auzoan egingo den garaiko azokari begira. Ondoren, bazkaria. Eta bazkalostean, bingo musikatua aurrena, eta Scooby Band eta Indaborda Sound taldeen kontzertuak, bukatzeko.