[Galeria] Harrera Sarea ehuntzen eta iruten jarraitu dute, giro bikainean
Harrera Sareak egindako lana omentzeko festa egiten ari dira Lakaxitan. Eguzkiak berak parte hartu du bertan.
Elkartasuna ematen duenak ez du trukean deus ez bilatzen, baina bilatu gabe ere, batzuetan bueltan etortzen da. Irungo Harrera Sareak migranteekin egin duen —eta egiten duen— lana aitortzeko ekitaldia antolatu dute Lakaxita gunean. Migranteek eurek ateak zabalik aurkitu dituzten toki berean.
Judas Arrieta artistak haurrekin batera egin duen horma-irudiarekin hasi dira festaren lehenengo pintzelkadak —espraikadak, hobe esanda—. Ondoren, Armiarma Compagnieko malabaristen txanda izan da, eta zitara hurbiltzekoa zen magoak trukorik ikusgarriena egin du: desagertu egin da. Miren Gomezen dantza eskolako Iratxek haurrei —gehienbat— hainbat pauso irakatsi die. Badirudi helduagoak herdoilduta daudela eta garagardoarekin koipeztatu behar dituztela beren barrenak…
Irlandar batek, siziliar batek eta euskaldun batek —ez, autoa ez du poliziak gidatzen— osatutako Maribop taldeak girotu du Lakaxitako zelaitxoa. Ikusle gehienek gerizpea aukeratu dute Francesco Giglio, Peter Walsh eta Urbil Artolaren kontzertua jarraitzeko.
Eguzkitan egon direnak, ausart, paella egiteko ardura zutenak dira. Momentu honetan arroza dastatzen ari dira festara hurbildu direnak. Arratsalderako indarrak hartu behar dituzte, giroa ez baita bukatuko. Hona hemen datorrena:
- 16:00etatik aurrera. Kontzertuak: Ane Garcia, Gari Amundarain
eta Jon Martin, Sergio Patxuko eta Ibai Larralde, Endika Loiola, Octavio Nievski, Flavio Banterla eta Eneritz Furyak. - 20:00. Talde sorpresa.
- 21:15. Kontzertua: Velozet.
- 22:30-01:30. DJak.
[Galeria ez bada ikusten, egin klik hemen].