Hondarribia, egun batez Bartzelona
Amua jaialdiaren urteko bigarren jardunaldia egingo dute bihar. Kataluniako runbari eskaini diote eta askotariko ertzetatik landuko dute Bartzelonan sorturiko generoa.
Zer da Kataluniako runba? Eta zer ez da? Nondik dator? Zein lotura du, baldin badauka, flamenkoarekin? Zergatik dago maila baxuko generotzat hartuta? Zein leku hartzen du egungo Kataluniako musikaren barruan? Zeintzuk dira talde ezagunenak, eta zein hizkuntzan abesten dute, katalanez edo gaztelaniaz? Hori guztia eta gehiago modu atsegingarri eta dinamikoz azalduko dute bihar larunbatez Hondarribiko Itsas Etxean, Amua jaialdiaren 2019ko bigarren jardunaldian.
Iaz hasi ziren Amua jaialdia egiten, bi eguneko formatuarekin. Musika azoka, tailerrak, proiekzioak —tartean Bohemian Rhapsody filmaren munduko estreinaldia—, DJak… Itzela. Ernesto Toledo da jaialdiaren sortzailea. Bere hitzetan, «didaktikoa» delako da berezia Amua: «Desberdina eta berezia da didaktikoa delako. Musikarekin harremana duen gai zehatz batetik abiatuta, bide guztiak esploratzen ditugu, irratia, eztabaida, proiekzioak, tailerra, kontzertuak… Alde oso desberdin askotatik lantzen dugu gaia». Hori da Amua.
Bigarren ekitaldirako formatua berritu zioten, bi eguneko ekitaldi bakarra izan beharrean, egun bateko hiru ekitaldi monografikotan banatuz. Martxoaren 23an Elvis zenari eskaini zioten jardunaldia, bihar Kataluniako runbari, eta azaroaren hasieran egingo dute hirugarrena.
Hondarribira ezkondu zen odontologo bartzelonarra da jaialdiaren sortzailea. Batek pentsa dezake odontologo izateak ez duela garrantziarik, baina badu, behintzat Amua 2019 #2 aurkezteko orduan: «Kasualitatez Peret abeslari eta musikariaren dentista izan nintzen lau urtez». Peretek piztu zion Toledori runbarekiko arreta. «Berak kendu zidan burutik runbak duen estigma hori. Ulertarazi zidan ez dela kalitate baxuko musika, eta Katalunian, Bartzelonan sortutako generoa zela, munduari buelta eman diona, eta txikietatik hasita zaharretaraino dantzatzen dutena».
Berari Peretek erakutsi ziona, Amuaren bitartez azaldu nahi die Toledok hondarribiarrei eta inguruko herritarrei. Eta horretarako jardunaldi monografikoa prestatu du biharko, hiru zatitan banatuko dena. Aurrena, Pereten figura lantzen duen Yo soy la rumba dokumentala proiektatuko dute. Paloma Zapatak zuzenduriko lana da, eta Zapatak berak aurkeztuko du.
Aurretik, 17:00etatik aurrera, aurkezpena eta jaialdiko arduradunak gidatuko duen eztabaida izango dira, runbaren alderdi oso desberdinak lantzeko balioko duena eta protagonista nagusi Jose Manuel Gomez Gufi kazetaria izango duena. «Telebista formatua eman diogu —argitu du Toledok—. Oso dinamikoa izango da, eztabaidaren barruan Bartzelonako ijituen argazki zaharren proiekzioa eta zuzeneko scratch tailerra uztartuko baitira». Kazetaria eta runba bilduma zalea izateaz gain, Espainiako scratch txapelduna da Gufi, «biniloekin egiten du scratch, eta kamera zenital batekin izango da lanean ikusteko aukera».
Kontzertua, katalanez
Jaialdiaren bigarren zatia Bartzelonako Gracia auzoko Arrels de Gracia taldearen kontzertuak hartuko du. Egun generoak bizi duen une gozoaren erakusle dira Arrels de Gracia, Toledok nabarmendu duenez. «Kataluniako runba osasun onez dabil, gaztelaniaz nahiz katalanez kantatzen duten talde askorekin. Arrels de Graciako kideek katalanez abesten dute ijitoak izanik ere. Kataluniako runba talde onenetakoa da».
Kontzerturako sarrerek 5 euroko prezio dute eta Kutxabanken Interneteko atarian lor daitezke, baita Itsas Etxean ere, emanaldia hasi baino bi ordu lehenagotik. Bertara hurbiltzen direnek dantzatuko dutela ziurtatu du Toledok: «Taldekideek beraiek esan zidaten, auditorioa ikusita, sekula ez dutela eserita dagoen publiko baten aurrean jo. Horregatik, auditorioko aurreko eserlekuak kentzea erabaki dugu, dantzatzeko eremua sortzeko bertan».
Eta gehiagorako gogoz geratzen denarentzako, Butron pasealekuko Uxoa tabernan [Itsas Etxetik oso gertu] segituko du festak. Bertan, Gufi eta Fonki Cheff DJak ibiliko dira goizaldera arte Kataluniako runba biniloak jartzen. Izan ere, jaialdi didaktikoa izateagatik bereizten den arren, musika jaialdia ere bada Amua. Eta, amua Elvis izan edo Peret izan, zertarako da musika, dantzatzeko ez bada?
Amua 2019 #2 jaialdiko kartela