Abotsanitz: "Udalean eta kalean egindako lanaren ondorioa da"
Udal hauteskundeetan jasotako babesa eskertu du Abotsanitzek. Eserleku bat irabazi du eta ia 500 boto gehiago lortu.
Hiru zinegotzitik lau izatera, eta ia 500 boto gehiago lortuta, pozik azaldu da Abotsanitz igandeko udal hauteskundeen balorazioa egiteko orduan. 1.924 bozka jaso zituen igandean eta oposizioko indar nagusi gisa errepikatuko du.
Igandekoa, orain arteko lanaren fruitu dela uste du Abotsanitzek: “Pentsatu nahi dugu azken lau urte hauetan udaletik eta kalean egindako lanaren ondorioa izan dela Abotsanitzen emaitza ona. Beraz, horrela jarraituko dugu lanean, udaletik herrirako eta herritarrekin etengabeko harremana mantenduz”.
Igor Enparanek, Lupe Queirugak, Estitxu Urtizbereak eta Aitzol Arroyok ordezkatuko dute Abotsanitz hurrengo agintaldian. “Gaztetasuna, eskarmentua eta formakuntza bateratzen dituzte, eta lan egiteko gogo biziz daude”, azaldu du oposizioko talde nagusiak. Kanpainan landutakoari jarraipena emango diotela ziurtatu dute: “Hauteskunde kanpainan zehar agindu ditugun gaiak landu eta aurrera eramateko konpromisoa hartzen dugu, gardentasuna, parte hartzea eta erabakigune partekatuak oinarri hartuta”.
Bukatzeko, “behar sozialei” arreta berezia eskainiko diotela ziurtatu du alderdiak: “Helburua herritarrengandik gertu egotea eta hondarribiarren beharrei udaletik erantzuten saiatzea izango da. Eta lehenago egin dugun bezala, behar sozialei erantzun egokia ematen nabarmenduko dugu gure lana, Hondarribikoa kohesionatutako gizarte bat izate aldera”.