EH Bildu pozik hauteskundeetako emaitzengatik
Udal hauteskundeetan jasotako babesa eskertu du koalizio abertzaleak, eta poztu da udalean "ezkerrak indar gehiago" izango duelako.
Udal hauteskundeetan jasotako babesagatik pozik azaldu da Hondarribiko EH Bildu. Aurreko deialdiarekin alderatuta gorakada izan du, “187 boto gehiago”. Orotara, 1.053 boto jaso ditu koalizio abertzaleak, eta azken laurtekoan okupatu dituen bi eserlekuak mantendu ditu. Xabier Isasi eta Xabi Bengoetxea izango dira 2019-2023 agintaldian EH Bilduren ordezkariak Hondarribiko Udalean.
EAJk gehiengo absolutua mantentzea ez du albiste ontzat jo koalizioak, bai ordea Alderdi Popularrak ordezkaritza galtzea: “Jarrera hertsia eta oldarkorra berdintasunaren auzian ordezkaririk gabe geratu da. Hori, berez, berri ona da”.
Abotsanitzek eta PSE-EEk eskuratu dituzte EAJk eta PPk galdutako eserleku horiek. EH Bilduren ustez, albiste ona da, “ezkerrak indar gehiago” duelako. “Aipatzekoa da, kasurako, Abotsanitzek lortutako lau zinegotziak”, erantsi du. Hala, ezkerraren indartze hori kontuan hartzeko eskatu diete jeltzaleei, batetik, eta oposizioko kide izango direnei, bestetik: “EAJren aldetik jarrera irekiagoa izatea eskatzen dugu, eta oposizioaren aldetik berdintasuna, burujabetasuna, hizkuntza eta euskal kultura eta justizia sozialaren aldeko lan ildo eraginkorrak zabaltzea espero dugu”.
Bukatzeko, bozetan jasotako babesagatik eskertua azaldu da koalizio abertzalea, “eta bere konpromisoa berretsi nahi du Hondarribitik bertatik Euskal Herri justuagoa, feminista, askea eta euskalduna egiteko”.