Europakoetan EAJ nagusi, EH Bilduren aurretik
Europako hauteskundeen Hondarribiko emaitzen analisia.
Europako hauteskundeetan ere Euzko Alderdi Jeltzailea nagusitu da Hondarribian. 3.671 boto lortu ditu EAJk, %43,48. Lehen bost postuetan foru hauteskundeetako hurrenkera errepikatu da. EH Bildu-Orain Errepublikak koalizioa bigarren izan da 1.740 botoekin (%20,61), eta jarraian PSE-EE (1.179 boto, %13,97), Podemos-IU (930, %11,02), PP (308, %3,65) eta Ciudadanos (214, %2,53) geratu dira.
Ikusi grafikoa behean
8.607 boto jaso ziren Hondarribian Europako deialdian (%64,99). Foru eta udal hauteskundeetan baino kopuru pixka bat baxuagoa da (%65,46 eta %65,65, hurrenez hurren). Aldeak ez dira handiak, baina azaltzen dute izan bazirela udal hauteskundeetan botoa eman bai eta beste bi aukeretan huts egin zutenak.
Foru hauteskundeekin alderatuta, PSE-EE, Podemos eta C’s alderdiek boto gehiago izan dituzte Europakoetan, Batzar Orokorretan baino. EAJk, EH Bilduk eta PPk, aldiz, emaitza hobeak izan dituzte lurraldeko bozetan. Jeltzaleen kasuan alde handia dago, gainera, 600 botokoa.
JPC, Voxen aurretik
Hondarribian oso deigarria da Junts Per Catalunya alderdiaren emaitza, 111 lagunek babestu baitute Carles Puigdemont zerrendaburu duen hautagaitza. Botoen %1,31 lortu du JPC koalizio katalanak, Vox oso atzean utzita (82 boto). Kontuan hartzeko datua da, Gipuzkoan izan duen bataz bestekoaren bikoitza baino gehiago delako Hondarribikoa, eta Irunen eta Oarsoaldean jasotako babesaren laukoitza.
Ikusi Bidasoko emaitza guztiak