Aranzadiren irteera, Aizporandiko berreskuratze lanei lotuta
Kostako txilardia, ameztia eta hezegune berezi bat berreskuratu dituzte, eta landare inbaditzaileen erauzketan ari dira lanean iaztik.
Iaztik hasita Jaizkibelgo Aizporandi eremuko egoera ekologikoa berreskuratzeko ekintzak aurkezteko irteera antolatu dute Aranzadi Zientzia Erkarteak eta Hondarribiko Udalak. Larunbatean egingo dute, 09:30ean Higerreko aparkalekutik abiatuta. “Bertan, kostako txilardiaren, ameztiaren eta hezegune berezi baten berreskurapenean eta landare inbaditzaileen erauzketan egin da lan”, azaldu du Aranzadik.
Irteeran, Jaizkibelgo flora eta habitatei buruzko hainbat bitxikeria ikusteko aukera izango da, eta berreskuratze lanetan parte hartzeko: “Bertara hurbiltzen denak bertako basoaren berreskurapenean parte hartu ahalko du”.
Joateko interesa dutenek osteguneko 19:00ak baino lehen eman behar dute izena webgunearen bitartez.
Ura eta hamaiketakoa eramatea beharrezkoa da, eta oinetako egokiak eramateko gomendatu du Aranzadik.