EAJk gehiengo absolutuari eutsi dio, 7 puntu galdu arren
EAJk 9 zinegotzi eskuratu ditu (-1), Abotsanitzek 4 (+1), PSE-EEk 2 (+1) eta EH Bilduk 2 (=). PPk bere eserlekua galdu du eta Vox ez da %1era iritsi.
EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Hondarribian, eta ez irabazi bakarrik, baita gehiengo absolutuz irabazi ere. Behera egin dute jeltzaleek, 7 puntu (%52,4tik %45,14ra), eta ia 400 bototan egin dute behera (4.267tik 3.882ra), baina bederatzigarren eserlekua mantendu dute. Hortaz, Txomin Sagarzazu izango da beste lau urtez Hondarribiko alkatea, beste alderdi batekin negoziatu beharrik gabe, gainera.
Oposizioko hiru talde nagusiek gora egin dute. Abotsanitzek 4 eserleku eskuratu ditu, bat irabazita. %17,7tik %22,37ra hazi da oposizioko lehen taldea, eta ia 500 bozka gehiago eskuratu ditu (1.443tik 1.924ra). Bigarren laurtekoa izango dute eta indartuta azalduko dira oposizioko buru gisa. Bosgarren zinegotzitik boto gutxira geratu dira.
PSE-EEk emaitza onak izan ditu eta duela lau urte galdutako eserlekua berreskuratu du. %9,9tik %12,2ra pasatu dira sozialistak, 810 bototik 1.098ra, hazkunde handia.
EH Bilduk ere hobetu ditu duela lau urteko emaitzak. %10,6tik %12,2ra pasatu da, eta egungo bi zinegotziak mantendu ditu. 1.053 papertxo lortu dituzte, aurreko udal hauteskundeetako emaitza ia 190 bozetan hobetuz. Baina laugarren indarra izan da, azken unean PSE-EEk aurreratu egin baitu 45 botorengatik.
Hauteskunde gaueko galtzaile nagusia PP alderdia da. Ez galera handia izan duelako (%5,25etik %4,83ra), baizik eta Hondarribiko Udalean ordezkaritzarik gabe geratu delako. Vox alderdia ez da %1era iritsi (%0,86).
Parte hartze handia
Hamarretik ia zazpi. Hondarribiko erroldaren %67,65 hurbildu da hauteslekuetara, aurreko udal bozetan baino 5,2 puntu gehiago. Espainiako Gobernuak emandako bi aurrerapenetan aurreikusten zen igoera emango zela, (14:00etan %1,89ko igoera bazen, seietan %4,85koa zen hazkundea).
Parte hartzearen igoera mesede egin die oposizioko hiru talde nagusiei, Abotsanitzek eta PSE-EEk eserleku bana irabazi dutelako, eta EH Bilduk bere biak mantendu dituelako. Baina PPk berea galdu duenez, oposizioak ezin izan dio gehiengo absolutua jeltzaleei kendu.
Seitik lau kolorera
Hondarribian sei hautagaitza aurkeztu dira 2019ko udal hauteskundeetan. Azken agintaldiko bostak (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP), eta Vox alderdia, estreinakoz. Horietatik lauk lortu dute ordezkaritza udalean, ez Josemi Otxoteko popularrak, ez Vox-eko Jon Kanpandegi gazteak, ez dutelako %5aren babesik lortu.
Sei koloretik laura pasatu da Hondarribiko ortzadarra. Bihartik aurrera ikusiko da zeintzuk kolore diren bateragarriak eta zeintzuk ez.