EAJ batean ondo, bestean hobeto
Udal hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortu ditu EAJk Gipuzkoakoetan.
Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi ditu hauteskundeak Hondarribian, ondo gainera, bai udalekoak, baita Batzar Orokorretakoak ere. Ondo, batez ere azken hauetan, aldea dagoelako bi deialdietan jeltzaleek izan duten babesean. Kontuan hartzeko modukoa gainera.
Udal hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortu ditu EAJk Gipuzkoakoetan. Foru bozetan 4.256 bozka lortu dituzte jeltzaleek (%50,02), eta herrikoetan 3.882 (%45,14), 374 boto eta bost puntu gutxiago. Duela lau urte justu kontrakoa gertatu zen, jeltzaleek babes handiagoa izan zuten udal hauteskundeetan (%52,45), Batzar Nagusietan baino (%47,88).
Parte hartzearen gorakadaren eraginez, ia 400 boto gehiago eskuratu dituzte jeltzaleek foru hauteskundeetan. Aldiz, herrikoetan, ia 400 galdu dituzte, 446 herritar gehiagok bozkatu duen arren. Arrazoiak zeintzuk izan diren aztertu beharko du EAJk, garaipena ospatzearekin batera, noski.
EH Bildu, bigarren
EH Bildu izan da bigarren indarra foru hauteskundeetan, %21,78rekin. Ezinezkoa da koalizioaren emaitzen balorazio bat egitea herrian ezker abertzaleak izandako banaketak eragindako zauriak kontuan hartu gabe, baina seguru aski aldaera gehiago hartu beharko lirateke kontuan.
1.853 boto lortu ditu EH Bilduk foru hauteskundeetan. Gipuzkoa osoa kontuan izanda 2011ko emaitzetara hurbildu da koalizioa, baina Hondarribian 200 boto gutxiago lortu ditu duela zortzi urtekoeekin alderatuta —zatiketaren aurreko deialdia da hori—.
Bestalde, Abotsanitzek eta EH Bilduk udal hauteskundeetan jasotako babesa batuko bagenu, 2.977 bozka aterako lirateke, EH Bilduk foru bozetan lortutakoa baino 1.100 bozka gehiago. Argi dago, beraz, foru hauteskundeetan EH Bilduk ez dituela Hondarribiko ezker abertzalearen boto guztiak jaso, eta, udal bozetan, Abotsanitz ezker abertzaleko profilaz harago doazen herritarrengana ere iritsi dela.
Edonola ere, foru hauteskundeetan emaitza onak lortu ditu EH Bilduk Hondarribian, 2015ean baino 247 boto gehiago eta bi puntu gehiago (%19,82tik %21,78ra).
PSE-EE Podemosen aurretik
Errazagoa da sozialisten emaitzak aztertzea, nahiko sustengu berdintsua izan baitute udalean eta Batzar Nagusietan: 1.098 papertxo zuri eta 978 sepia kolorekoak. Aldea ez da handia, baina bai adierazten du PSE-EEren jarraitzaile ez diren herritar batzuek Iosu Alvarezen udal hautagaitza babestu dutela. Kontuan hartu behar da foru bozetan Elkarrekin Podemos aurkeztu dela ere, eta agian udalean sozialistei bozkatu dieten herritar batzuek aldundirako Pablo Iglesiasen alderdia aukeratu dutela.
Elkarrekin Podemosek galera handia izan du, 256 boto gutxiago, eta fenomeno izateari utzi dio, Hondarribian behintzat. Hala ere, 806 bozka lortu ditu, ia hamarretik bat (%9,47). PSE-EEk baino 172 boto gutxiago lortu ditu alderdi moreak, eta sozialisten atzetik sailkatu da oraingoan.
Espainiako eskuindar alderdien emaitzak ez dira onak izan Hondarribian, ez batean ez bestean. PP izan da bozkatuena, baina ez da ehuneko bostera iritsi. Foru hauteskundeetan 384 bozka lortu dituzte popularrek, eta 131 Ciudadanosek.
Foru hauteskundeak Hondarribian