Oholtzan, pantailan eta galtzada-harrian
XIII. Hondarribia Dantzan egiten ari dira aste honetan. Markina-Xemeingo eta Barkoxeko dantzari taldeak gonbidatu dituzte aurten, baina hori baino askoz gehiago da.
Hondarribia-Dantzan jaialdiaren hamahirugarren ekitaldia egiten ari dira aste honetan, Kemen Dantza Taldeak antolatuta. Zeruari begira daude antolatzaileak, gaur bihar eta etzirako kaleko ekintzen prestatu dituztelako. Euria eginez gero B planak aktibatuko dituzte.
Hamahiru urte jada. Erabat egonkortu dira jardunaldiak eta oso urruti geratzen dira hastapenetako egitarau laburrak: “Hasi ginenean eskualdera zabaltzeko ekimen bezala sortu zen, gure egunerokotasunaren gehiengoa Irunen dagoelako”, gogoan du Mikel Button Kemeneko kideak. Horregatik hasi ziren antolatzen 2007an , “ekitaldi xume eta txiki batekin, pixkanaka garatzen joan dena”.
Badira urte batzuk aste osoa hartzen duela Hondarribia Dantzanek. Lan handia eskatzen dien arren, Kemenen egutegian egun seinalatuak direla onartu du Buttonek: “Oso polita iruditzen zaigu. Guk ohitura duguaskotan kanpora joan eta dantza egiteko, eta hemen herri desberdinetako jendea dantzan ikusteko aukera izaten dugu”. Beste herrietako dantzak ikusteko eta ikasteko, gero beraiek dantzatzeko: “Saiatzen gara hurrengo urteari begira landuko ditugun dantzak ekartzen. Adibidez, iaz Oñatiko dantzariak egon ziren Hondarribia Dantzanen eta, beraiekin egon ondoren, aurten Oñatiko dantzak lantzen ari gara. Hori da politena, guk lantzen dugun hori beraiek nola egiten duten eta nola bizitzen duten ikustea”.
Larunbata izaten da talde gobidatuen eguna. Aurten Markina-Xemeingo Zerutxu eta Barkoxeko dantza taldea etorriko dira jardunaldietara. Bihar jantziko dituzte abarkak eta gastatu arte ez dituzte kenduko. Aurrena, kalejiran joango dira Arma Plazatik atera eta Porturaino, dantza egiteko zenbait geldialdi eginez. Jarraian, dantza agerketa egingo dute Santa Maria Madalena plaza ederreko oholtzan.
Aste osoa eguraldi iragarpenei begira eman dute. Ez ekitaldiak bertan behera utzi ala ez erabakitzeko, baizik eta kalean edo aterpean, non egin aukeratzeko. Ostiralekoa Santa Maria Madalenan mantenduko dela ziurtatu du Buttonek. “Zer edo zer egingo da, musikariak estalita daudelako eta jo dezaketelako. Gero, zenbateraino egin daitekeen erromeria, hori ikusiko dugu”. Dantza gidatuetarako aukerarik gabe ere mereziko du, aterkia eskutan, Kemeneko dantzarien doinuak entzutera arrimatzea.
Larunbat eta igandekoarentzako, aldiz, B plana dute aukeran: Soroetako pilotaleku erdi-estalia. Bertan egin izan dute Adaxka Eguna eguraldia ez denean aldekoa izan, baina Hondarribia Dantzaneko talde gonbidatuek ez dute orain artean frontoian dantzatu. “Iaz ere eguraldi txarra egin zigun eta aukera hau aztertzen hasi ginen”. Haien asmoa kalean egitea dela esan du, baina “ezinezkoa bada, Soroetan egingo da, lurrean, harmailak daudelako”.
Atzo, proiekzioa
Astelehenean hasi ziren jardunaldiak, bi egunez egin duten plazako dantzen ikastaroarekin. “Hiru egunekoa izan behar zen, baina etorri direnak ez dira hasiberriak, horregatik, bi eguneko saioekin nahikoa izan da”, azaldu du Kiel Rico rakasleak. Ez bakarrik baina plazako dantzen ikastaroaren xede nagusia gaurko erromeria prestatzea da. “Bertan dantzatuko diren dantzak prestatu ditugu, muxikoak, polkak, valsak…”, gehitu du.
Ikastaroa Kultur Etxean egin dute. Atzo, berriz, Itsas Etxea Auditoriuma leporaino bete zuten Dantza filmaren proiekzioarekin. “Aurten aukera berezia genuen Dantza ekartzeko. Hondarribiko Udalak otsailean ekarri zuen, eta oso arrakastatsua izan zen. Eta uste genuen Hondarribia Dantzanen barruan kokapen berezia eduki zezakeela”. Hala, proiekzioaren ondoren, Telmo Esnal zuzendaria eta Juan Antonio Urbeltz etnografoa solaskide izan zituen mahai-ingurua egin zuten, bildutakoen gozamenerako.
Auditorioa dntza zalez bete zuten atzo. Gaurtik aurrera, kaleak dantzariz gainezka jarri nahi dituzte. Gaur erromeria, bihar kalejira eta dantza agerketak, eta etzi, 200 dantzariz osaturiko harrobiaren erakustaldia. Txikiek itxiko dute 13. ekitaldiari. Urte gutxi barru, haien esku geratuko da Hondarribia Dantzani jarraipena ematea.
- 20:00etan. Kemeneko musikarien kontzertu-erromeria gidatua. 20:00etan, Santa Maria Madalena plazan.
- 11:00etan hasita. Markina-Xemeingo eta Barkoxeko dantza taldeen saioak. Arma Plazatik abiatuta, Alde Zaharra eta Portua zeharkatuko dituzte, geldialdiak eginez. 12:30ean, dantza agerketa egingo dute Santiago plazan (euria eginez gero, Soroetako pilotalekuan).
- Arratsaldez. Kemeneko dantzarien kalejira, herrian barrena.
- 11:00etan hasita. Adaxka Eguna. Santa Maria Madalenatik abiatuko dira eta geldialdiak egingo dituzte Portuan eta Alde Zaharrean. 12:00etan dantza agerketa Arma Plazan (euria eginez gero, Soroetako pilotalekuan).