"Martxan den hiri-proiektu bat aurkezten dugu"
Txomin Sagarzazu da bigarrenez Hondarribiko EAJren zerrendako burua. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Hondarribiarekin konpromiso handia duen talde baten buru naizelako. Martxan den hiri-proiektu bat aurkezten dugulako, eguneroko kudeaketarekin kontrastatutakoa, gainera. Gure taldearen helburu nagusia herri-zerbitzua hobetzea delako: arazoen aurrean konponbideak proposatzen ditugulako, eta beste udal taldeekin adosteko gai garelako. Eta gobernu onaren bidez egin nahi dugulako.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Etxebizitza publikoaren beharra handia da: horregatik adostu dugu Presako 118 etxebizitzak datozen urteetan egitea, horietako mordoxka bat gazteentzat, eta Damarrin 86 etxebizitza egiteko proiektua onartzea. Etxe gehienak alokairuzkoak izango dira.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko pauso gehiago eman behar ditugu: Hiri Mugikortasun Plana onartuko dugu eta bertan jasoko ditugu oinez eta txirrindaz seguruago ibiltzeko proposamenak, hiri barreneko mikrobusa abian jartzea eta aparkaleku plazak gehitzea, Presako errotaziorako 180 plaza berrietatik abiatuta.
Gizarte Zerbitzu hurbilagoak behar ditugu: Plan Estrategikoan jasoko ditugu betebehar berriak; Zerbitzu-Karta herritarrengana hurbilduko dugu eta Departamentuaren leku irisgarriagoan kokatuko dugu.
Ingurumenaren ardura denona dela partekatu behar dugu: Agenda 21eko bigarren ekintza plana onartuko dugu horretan sakontzeko.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzuei arazo horri aurre egiteko?
Pertsonalaren kontratazioari dagokionez, 2019 Lan Eskaintza Publikoa lehenbailehen onartuko dugu, beste udal taldeekin adostuta, ordezka daitezkeen eta egonkor daitezkeen lanpostuen prozesua abian jartzeko. Horrekin batera, hainbat pertsona programa bidez kontratatuko ditugu herritarrei zerbitzu hobea emateko. Udalaren antolamenduan sakonduko dugu kudeaketa eta koordinazio tekniko-politikoa hobetzeko. Eta udalaren funtzionamenduari bultzaldia emateko gobernantza onaren hiru printzipioak zainduko ditugu: zuzentasun instituzionala, gobernu irekia eta efizientzia.
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Hiria eta auzoak hobetzeko lanen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: Mendeluko Plan Berezia onartzea Hondarribia-Irun lotura hobetzeko, Eskapatxuloko jarduerak antolatzeko eta auzoko etxebizitza-multzoa berritzeko. Bigarren, Portu auzoaren berriritartatzea bukatzea eta Alde Zaharraren berriritartzearekin jarraitzea, eta bereziki San Nikolas pasabide zaharra kendu eta berria jartzea. Hirugarren, Alde Zaharraren Plan Berezia onartzea ere bai.
Kirol instalazioei dagokienez, Hondartza futbol zelaia, Hondartza kiroldegiko futbol zelaia eta ur-gunea berrituko ditugu aisialdi osasungarrirako aukera gehiago izateko.
Aparkaleku-sistemari dagokionez, berriz, Donostia kaleko eta Damarriko aparkalekuen proiektuak egingo ditugu, Presakoaren osagarri izan daitezen. Oinezkoen bide-sarea sortuko dugu eta bidegorri sarea osatzeko lanak egingo ditugu.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago. Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Euskararen erabilera handitzea da ardatza eta jomuga nagusia. Lehenengo eta behin, EAJko zinegotzion konpromisoa dugu jendaurreko agerraldietan eta udaletxeko lanean euskaraz aritzeko. Erabilera areagotzeko lanketa guztia Euskara Sustatzeko Ekintza Planean jasoa dugunez, urtez urte gauzatzeari ekingo diogu eta bereziki sustatuko dugu Euskaraldiaren bidez. Ezagutza hobetzeko tresna nagusia, berriz, Udal Euskaltegiaren lana sendotzea izango da.