Abotsanitzek San Pedro kalean bukatuko du kanpaina
San Pedro kalean duen egoitza parean itxiko du udal hauteskunde kanpaina Abotsanitz alderdiak.
San Pedro kalean duen egoitza parean itxiko du udal hauteskunde kanpaina Abotsanitz alderdiak. Gaur, ostirala, kanpainaren amaierako ekitaldi-festa egingo dute, 18:30ean hasita. “Udal hauteskundeen atarian, herritarrekin elkartuko gara beste behin, gure proiektua konpartitzen jarraitzeko eta hondarribiarrekiko gure konpromisoa azaltzeko”, azaldu dute.
Kanpainan egindako lanarekin gustura azaldu da oposizioko talde nagusia: “Argi esan dugu nolako udala nahi dugun, herritik eta herriarentzat egina. Eta nolako herri eredua den gurea, euskalduna, aurrerakoia, berdintasunean oinarritzen dena, errespetua azaltzen duena, parte hartzailea eta solidarioa”.
Bada garaia! izan dute leloa kanpainan zehar eta “udala errotik aldatzeko garaia” dela aldarrikatuko dute azken ekitaldian: “Abotsanitzek hondarribiarrei begiratuko die udal politika egiteko garaian. Eta horregatik, hondarribiarren botoa eskatuko dugu ostiraleko azken ekitaldi-festan ere, gauzak errotik aldatu eta aurrera begira jartzeko”.