"Herritik gatozen taldea gara, hondarribiarrekin egin nahi dugu lan"
Igor Enparan bigarrenez aurkeztu da, lehen aldiz alkategai bezala. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Hondarribiko alkategai guztiei galdera berberak egin dizkie Oarso Bidasoko HITZAk. Sei hautagaitza aurkezten dira udal hauteskundeetan. Abotsanitz bigarrenez aurkeztuko da eta egungo bozeramale Igor Enparan da zerrenda buru.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Abotsanitzek aurkezturiko hautagaitzan taldearen indarra da balioan jartzen duguna. Zerrendako hautagaiak formazio eta eskarmentua dugu buruan daramagun plana gauzatzeko.
Hondarribiko Udala talde politiko berak kudeatu du azken 24 urteetan eta zaharkitua dagoen proiektua dakartelako uste dugu aldaketarako badela garaia! Ilusio biziz gaudelako, ideia bat dugulako, plangintza badugulako eta gaitasuna ere badugulako eskatzen dugu Abotsanitzen taldeari emateko bozka.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Herriaren ikuspuntutik behar handiena herritar edo auzo bakoitzak duena izango da. Abotsanitzek konfiantza du herritar eta elkarteekin batera herri ekimenak egitea posiblea dela, eta herritarrek herriarekiko izan dezaketen atxikimendua askoz handiagoa izango dela modu honetan. Honek udal kudeaketa ereduaren aldaketa bat eragiten du eta guztion inplikazioa beharko dugu.
Herritik gatozen taldea gara, hondarribiarrekin egin nahi dugu lan eta Hondarribiarentzako etorkizuneko proiektua dugu.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzue arazo horri aurre egiteko?
Udal Gobernuak 24 urtez izan duen alderdiaren politikek ekarri gaituzte egungo egoera honetara. Arazoa kualitatiboa eta kuantitatiboa da; hau da, udal langile taldea ez da nahikoa, EAEko udalen arteko bataz bestekoan baxuenetakoa. Eta aldi baterakortasun handiko langile taldea dugu, %45 ingurukoa.
Abotsanitzek legegintzaldi honetan zehar eginiko proposamenak mantenduko ditugu. Batetik 2015 aurretik dauden aldi baterako langile guztien kontratuak egonkortuko ditugu, langile estrukturalak direlako. Bestetik, lanpostu zerrenda eguneratu eta zabalago bat egingo dugu. Eta azkenik, sortuko diren lanpostu berri horien beharrak oposizio lehiaketa bitartez beteko ditugu.
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Proiektu nagusia, lehen aipatu bezala, udal kudeaketa eredu berri bat ezartzea da. Auzo, elkarte eta herritarrekin batera jorratuko ditugu herritarren beharrak asetzeko proiektuak. Hau da, batzorde irekiak eta erabaki gune partekatuak proposatzen ditugu proiektu bezala.
Inbertsioei dagokionez, honakoak dira nagusiak: Udalak herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko inbertsio nagusia udal langilegoa dugu. Plangintzan lanpostuen zerrenda handitzeaz gain, langilegoaren egonkortasuna eta lehiaketa publikoak lehenetsiko ditugu.
Auzoen eraberritze orekatu bat jorratuko dugu, non erdiguneko berrikuntzez gain beste auzoetako eraberritzeak ere landuko diren. Mendelu, Akartegi, Amute, Zimizarga, Arkolla, etab.
Bidegorri sarea osatuko dugu. Irunekin lotura eta eskoletara iristea lehenetsiz. Aparkaleku bat egina nahi dugu datorren legegintzaldian. Zezen Plazako aukera lehenetsiko dugu, erdigunetik gertu baina autoak erdi guneraino sartzea ekidinez.
Alokairuzko etxebizitza publikoa sustatuko dugu. Lehentasuna emango diogu Hirigintza Planean jasotako babes publikoko etxebizitzak egiteari. Etxebizitzaren arazoari helduko dioten beste aukera berriak ere aztertuko ditugu.
Eta etxez Etxeko laguntza zerbitzuan hobekuntza egin nahi ditugu.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago. Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Euskararen ezagutza zabaltzen jarraitu beharra dugu eta horretarako tresna egokienak Udal Euskaltegia, eskolak eta kultur zein kirol guneak dira. Euskararen udal ordenantza osotasunean betetzea ezinbestekoa deritzogu eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatuko dugu.
Hondarribiarrok dugun erronka nagusiena euskararen erabilera hedatzean datza. Gure herriko hizkera altxor bat dugu, baina gazte belaunaldiek ez dugu jakin mantentzen. Herri eragileekin etengabeko harremanetan jarraituko dugu euskara bultzatzeko ekimen guztiak babestuz.
Abotsanitzek elkarlaneko lanketa parte hartzailea jarri nahi du martxan. Zaharrak eta gazteak guztiok batian euskararen alde.