"Gure DNAn desoreken kontrako borroka daramagu"
Hirugarrenez izango da Iosu Alvarez PSE-EEren alkategaia Hondarribian. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Hondarribiko alkategai guztiei galdera berberak egin dizkie Oarso Bidasoko HITZAk. Sei hautagaitza aurkezten dira udal hauteskundeetan. PSE-EE alderdiaren hautagaia Iosu Alvarez izango da hirugarrenez.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Kontua ez da hautagairik onena izatea ala ez, baizik eta ulertzea politikatik hiritarrekin harremana duten gauzak hobetu daitezkeela, kasu honetan, Hondarribian. Horregatik eskatzen dugu botoa. Batetik, politikaren erabilera ezegokia ekarri duten eta urteetan sakondu diren zenbait joera aldatzeko. Eta bestetik, hobetu daitezkeen beste zenbait gauzak lantzeko, betiere beste indar politiko batzuekin akordioetara iritsita.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Ezkerreko alderdia garen heinean, gure DNAn desoreken kontrako borroka daramagu. Hau udalera eramanda, pertsona zaurgarrienen mesede izango den ogasun politika bat beharrezkoa da, errekurtsoak hobeto banatuko duena, haurtzaroaren alde, kulturan eta kirolean, alokairuan, familien alde, garraio publikoan, eta pertsonen arreta integralean eraginez, ez dadila inor etxean geratu ez duelako igogailu bat. Eta batez ere, etxebizitza sozial baten alde egin behar da lana, Muliaten abiatutako bideari jarraipena emanez, orain Presan, gero Damarrin, eta Tudedelean bukatu arte.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzue arazo horri aurre egiteko?
Argi dago biztanle kopuruari dagokion pertsonal politika bat aplikatu behar dela, ez baita hori betetzen. Gainontzeko udalen kopuruetatik oso behera gaude, bai pertsonalean, bai eskaintzen diren zerbitzuetan. Eta ez da absentismoagatik, baizik eta pertsonal falta oso nabaria delako departamentu guztietan. Gure proposamena da orain arte egin denaren guztiz kontrakoa, hau da, departamentu bakoitzean enplegu politikak martxan jarri behar dira, beharrak aztertu eta erabakiak hartuz.
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Etxebizitza eta hirigintza jasangarria lehen lerroan jarriko ditugu. Batetik, 120 etxebizitza publikoren promozioak bultzatuko ditugu Presa I eta II-n eta Damarrin, eta mila ibilgailuentzako aparkaleku bat sortuko dugu bertan. Bestetik, hurrengo legealdian alderdi sozialistak behin eta berriz eskatu duen minibusa errealitate bat izango da, eta hiri garraioa hobetzeko jarraituko dugu lanean, bidegorri sareari bultzada bat emanez.
Gainera, memoria historiakoaren gainean lan egiten jarraituko dugu, eta hirigintza jasangarriaren aldeko urratsak eman nahi ditugu
Inbertsioei dagokionez, Gizarte Zerbitzuen departamentua eta Prebentzio Komunitarioko zerbitzua Muliatera eraman nahi ditugu, eta Alde Zaharrean kultur ekipamenduak sortu, besteak beste, Polborina berreskuratuz.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago. Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Egunotan udal langileei begira barne normalizaziorako proposamen bat onartu berri dugu, baina galdera honakoa da: zeintzuk dira bitartekoak, zenbat diru eskainiko diogu plangintza horri, nola egiten dira ordezkapenak? Bitartean, herri mailan, egoera ez da zuzentzen.
Bada honi lotuta kezkatzen nauen kontu bat. Hiritarretako asko, batez ere beste kontinente batzuetatik etorri direnak, ez ote diren ghetto bat bilakatuko, hizkuntzagatik eta beste arrazoi batzuk medio, gizarteratzeko arazoak dituztelako. Kolektibo hauei lagundu egin behar zaie etengabe, gizarteratzea ez dadin arazoa izan, eta euskara izan dadin euren eguneroko hizkuntza.