Abotsanitz: "EAJk erabaki du blues jaialdia ez egitea"
Abotsanitz alderdiak kezka azaldu du aurten blues jaialdirik egingo ez delako, eta udal gobernuari leporatu dio gertatutakoa.
Albistea komunikabideen bitartez jakin duela salatu du Abotsanitzek: “Udalaren gardentasun faltaren hamaikagarren adibidea dugu hau”. Gogor gaitzetsi dute EAJk beste udal taldeekin blues jaialdia bertan behera uzteko aukera konpartitu ez izana: “Hondarribiko Udala osatzen dugun alderdi politikook ez dugu jaialdia bertan behera uzteko eztabaidarik izan udal batzordeetan. EAJren gobernu taldeak bere kabuz hartutako erabakia izan da”.
Halaber, jaialdiaren desagerpena jeltzaleen kudeaketaren ondorio dela uste du oposizioko talde nagusiak: “EAJ alderdiak bere burua alderdi kudeatzailetzat du, baina onartu behar dute kudeaketa okerraren ondorioz aurten ez dela Blues jaialdirik izango”.
Abotsanitzek nabarmendu du blues festibalaz eztabaidatzeko eskaera egin izan dutela, baina erantzunik ez dutela jaso: “Hondarribia Blues Jaialdiaren inguruko hausnarketa mahai gainean jarri izan dugu, behin jaialdia amaitutakoan hurrengo ekitaldietan hobekuntzak planteatu asmoz. Ezin uler daiteke hausnarketarako epea jaialdia izan baino bi hilabete lehenago proposatzea eta horretarako jaialdia bertan behera uztea”.
Bukatzeko, blues jaialdiaren alde borrokatuko duela gaineratu dute: “Abotsanitzek bere esku dagoen guztia egingo du uztaileko ekitaldi kulturalak indarrean iraun dezan”.