140 kilometro igerian, kausa on baten alde
Ur Irekiak Galea igerilari taldeak Hondarribia eta Muskiz elkartu nahi ditu igerian, biko erreleboetan eta gelditu gabe.
Hondarribian hasi eta Muskizeraino, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostalde osoa. Igerian, noski. Hori egin nahi dute Ur Irekiak Galea igeriketa taldeko 32 kideek. Gelditu gabe, biko hamasei errelebotan. Hondarribia eta Muskiz arteko ibilbidea osatu nahi dute igerian. Ostegunean aterako dira Hondarribiko kai berritik eta larunbatean iritsi nahi dute Muskizera. Eta kausa on baten alde: merosina-urritasunak eragindako sortzetiko muskulu-distrofiaren ikerketarako dirua biltzea.
Astelehenean aurkeztu zuten Hondarribiko Klink elkartean Ur Irekiak Galea igerilari taldeak egin nahi balentria solidarioa. Bertan izan ziren Ioritz Errezola eta Josema Nogeras Klinkeko presidente eta bazkidea, Ana Velasco ImpulsaT elkarteko ordezkaria, eta Pedro Velasco, Ur Irekiak Galea taldeko kidea, eta Gonzalo Carrion Hondarribiko arraunlaria.
Zeharkaldiaren helburua merosina-urritasunak eragindako sortzetiko muskulu-distrofiaren (DMC-LAMA2) ikerketarako dirua biltzea da. Gaixotasun arraroa da, nahiko larria, gainera. Distrofia mota hau duten umeek garapen psikologiko arrunta dute, baina fisikoki arazoak dituzte merosina-kopuruaren arabera: muskuluen tonua txikiagoa, kontrakturak, arnasa hartzeko arazoak… Orain urte batzuk ImpulsaT elkartea sortu zuten Katalunian, eta lanean dihardu DMC-LAMA2 gaixotasunaren ikerketa bultzatzen. Hala, zeharkaldiak ImpulsaT-rentzako bilduko du dirua.
Bigarren aldia da igerilari bizkaitarrek zeharkaldi solidarioa egiten dutena, baina aurrenekoa Bizkai eta Gipuzkoako kostaldea osatu nahi dutena. Iaz, Donostia eta Getxo arteko 110 kilometroak osatu zituzten, Williams Sindromea duten gaixoen alde.
Luzeena, lehenengoa
Ostegunean hasiko da zeharkaldia, 12:00etan Hondarribiko kai berrian. Ibilbideko zatirik luzeena da, hain zuzen ere, Hondarribitik abiatzen dena. Lehen bikoteak 22 kilometro egin beharko ditu Donostiaraino, eta hara iritsita, bertatik aterako da bigarren erreleboa, Orio helburu.
Bata bestearen atzetik, Ur Irekiak Galea taldeko kideek gelditu gabe 140 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Aurkezpenean azaldu zutenez, uraren tenperatura, korronteak eta gauaren iluntasuna dira zailtasun handienak. Nolanahi ere, eskarmentuzko igerilariak dira denak.