"Gure hiria, berdintasunaren herria bilakatu behar dugu"
Lehen aldiz aurkezten da Xabier Isasi EH Bildu koalizioaren alkategai bezala Hondarribian. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Hondarribiko alkategai guztiei galdera berberak egin dizkie Oarso Bidasoko HITZAk. Sei hautagaitza aurkezten dira udal hauteskundeetan. EH Bildu koalizioaren izenean Xabier Isasi aurkezten da lehen aldiz alkategai bezala.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Hautagai onena, izatekotan, EH Bilduren hautagai-zerrendak egiten nau. EH Bilduko zerrenda osotzen dugun pertsonak askotarikoak gara, adinez, lanbidez eta prestakuntza aldetik. Orokorrean, egoki ordezkatzen dugu Hondarribiko errealitatea. Baina batez ere, pertsona engaiatuak gara, konprometituak euskararekin, feminismoarekin, pentsionisten borrokarekin, gazteriarekin, memoriarekin, askatasunarekin eta burujabetasunarekin.
EH Bilduri botoa emateko arrazoi asko dago, lehena Euskal Herriaren askatasuna da, baina Hondarribiko kasuan, propagandan esaten dugunez, Hondarribian lan eta bizi nahi dugulako. Hori da gure aldarria eta botoa emateko arrazoien funtsa.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Aurren-aurrena, nabarmenena, gure hiria berdintasunaren herria bilakatu behar dugu, Hondarribiko hiriak bere izen ona berreskuratu behar du. Premiazkoak dira parekidetasunaren teknikaria, berdintasun-plana eta jai eredua aldatzea.
Hurrena, gardentasuna. Arma Plaza Fundazioa, Zaldunbordako proiektua, Zubieta… Kudeaketa gardena behar dugu kontratazio publikoetan, deialdietan eta, oro har, herriko eragileekiko harremanetan. Beharrezkoa da enplegu publikoaren deialdia egitea kudeaketa indartu eta eraginkorragoa egin.
Euskararen erabilera sustatzeko behar-beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatzeko arauak ematen dituen 1992 urteko Udal Ordenantza berritzea.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzue arazo horri aurre egiteko?
EH Bilduk udal hauteskundeak irabaziko balitu goitik behera aldatuko luke kudeaketa eredua. Aldaketa horretan, jakina, gardentasuna izango litzateke irizpide nagusietako bat eta, horrekin batera, gaude eraginkortasuna nabarmen hobetuko litzateke.
Ez badugu udal hauteskundeak irabazten eta Hondarribiko udalean, gobernuan, aldaketarik gertatzen ez bada, badakigu EAJren gobernantza eredua iluna dela. Hori da EAJren eredua eta haiek ez den beste inork nekez alda dezake. Arazo horren aurrean, EH Bildu oposizioan egonda, aukera bakarra dago EAJren kudeaketa gertutik kontrolatzea eta herri-ekimenak bultzatu gardentasuna eta eraginkortasuna lortzeko. Hori da egingo duguna. Hauteskundeetatik eratortzen den gobernu plana aztertu eta kontrol neurriak proposatu.
Edozein kasutan, udal enplegu publikoa egonkortzea eta berria sustatzea funtsezkoa da herriaren ongizatea eta erakundearen eraginkortasuna lortu nahi badugu
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Proiektu nagusiak, garrantziaren ikuspegitik, parekidetasun teknikaria, berdintasun plana eta euskararen erabilera sustatzeko Udal Ordenantzak berritzea.
Proiektu nagusiak, tamainaren ikuspegitik, jai eredu berria, turismo jasangarria sustatzeko proiektua, udal enplegu publikoa sustatzea, enplegu berdearen aldeko ekimenak, hondakinen kudeaketa garbia era orekatua lortzea… Azkenean, udal politika irekia eta parte hartzailea sustatu nahi dugu.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago. Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Bai Hondarribia hiri euskalduna da. Euskalduna izan arren, nola da posible euskaraz tutik ez dakitenak 2016an gehiago izatea 1981. urtean baino? Zerbaitek kale egiten du hizkuntza politikan. Arestian esan moduan, 1992. urteko euskararen erabilera normalizatzeko arauak ematen dituen Udal Ordenantza ahalik eta bizkorren berritu behar dira. Inongo hizkuntza politikak ez du sinesgarritasunik orain dela 17 urteko araudiaren arabera egiten bada.
Euskararen Udal Ordenantza berrietan hizkuntza politika berritzailea proposatuko dugu, besteak beste, udalaren eskumenak zabaltzeko, indartzeko eta, batez ere, aplikatzeko. Horretarako, abiapuntu gisa 2/2016 Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak zehazten duena agitz interesgarria izan daiteke.