Oriok Hondarribian hartu du mendekua
Gipuzkoako Trainerillen Txapelketa irabazi dute Orioko mutilek, Donostia Arraun-eko neskek, eta San Juango gazteek.
Orio Arraunketa Elkarteak irabazi du Gipuzkoako Trainerillen Txapelketa senior gizonen mailan. Atzo jokatu zen finala Hondarribian -sailkapen probak bezperan egin zituzten-, eta etxekoen aurretik sailkatu ziren horiak. Oriok bost segundu eta erdi atera zion Hondarribiari, eta 38 segundu hirugarren Zarautzi. Hala, Hondarribiak ezin izan du ligan lorturiko garaipena berretsi.
Nesketan Donostia Arraun Lagunak izan zen onena, San Juan eta Orio atzean utzita. Nolabaiteko ezustekoa izan zen, ez hainbeste donostiarrek irabazi izanagatik, baizik eta ligan nagusitu zen Orio hirugarren geratu zelako. Hondarribiko trainerilla laugarren sailkatu zen Gipuzkoako Txapelketan.
Jubeniletan bai, maila horretan txapeldun berbera izan dute ligak eta lurraldeko txapelketak: San Juan. Egun Gazte Mailako trainerillarik indartsuena dutela erakutsi dute arroxek denboraldian zehar, ligako bost jardunaldietatik lau eta sailkapen orokorra irabaziz, eta atzo Hondarribian Gipuzkoako Txapelketa bereganatuz. Zarautz izan zen bigarrena eta San Pedro hirugarrena.