"Hondarribiko beharrak jartzen ditut beti lehen lerroan"
Josemi Otxotekok errepikatuko du PP alderdiaren alkategai bezala Hondarribian. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Hondarribiko alkategai guztiei galdera berberak egin dizkie Oarso Bidasoko HITZAk. Sei hautagaitza aurkezten dira udal hauteskundeetan. PP alderdiak egun duen aulki bakarra beste lau urtez mantentzea du helburu.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Erakutsi dudalako, Alderdi Popularraren zinegotzi bezala, egin behar denean negoziatzen eta akordioetara iristen badakidala. Baina zerbait gaziki egiten denean, hori ere esaten badakit, zuzendu dezaten. Hondarribiko lehentasunak jartzen ditu beti lehen lerroan, eta hitza betetzen dut, Hondarribiarentzat ona dena Alderdi Popularrarentzat ere ona izango baita. Eta gainera, Hondarribiko Alardearen gatazka zuzentzeko inoiz baino beharrezkoagoa naizela uste dut. Bizikidetza arazoa da Alardea, ez berdintasun arazo bat.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Behar asko ditu, baina arazorik handiena udal taldeak duen pertsonal gabezia da. Gai horri heltzen ez bazaio eta konponbidea bilatzen ez bazaio, gainontzeko arazoak ur errea izango dira. Azken zortzi urteetan jubilatu diren pertsonen 20 plazak bete behar dira, ez behin behinean, behin betiko baizik. Eta beste 20 lanpostu berri sortu beharko lirateke.
Alokairuzko etxebizitza babestuen arazoa ere arazo larria dira. Beti esan dugu alokairua salmenta baino premiazkoagoa dela. Hurrengo urteetan udalak diru kopuru ikaragarriak jasoko ditu egiten ari diren eta egingo diren etxebizitza pribatuei esker, eta ezinbestekoa da diru hori udalak erabiltzea etxebizitzak erosi eta arrazoizko prezioetan alokairuan jartzeko.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzue arazo horri aurre egiteko?
Pertsonal gabeziaren ondorioz, udala ez da gai aurrekontuak guztiz erabiltzeko, eta urtetik urtera gorantz doa udal soberakina. 48 milioi eurokoa da dagoeneko, hiru urteko aurrekontuen adina. Soluzioa denen artean bilatu behar zaio. Ezinbestekoa da udal gobernua gainontzeko taldeekin eta teknikoekin esertzea, epe motzera udal langile taldean dauden gabeziei soluzioa emateko.
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Orain arte egiten denarekin jarraitu behar da, eta hau ez da konformista izatea. Azken egunetan ikusi dugu zer gertatu den Blues jaialdiarekin. Urtetan luzatu den arazoa da, ez zaio heldu, eta orain blues jaialdia arriskuan da, eta jaialdi horrek sekulako eragin ekonomikoa du hirian.
Gobernuz Kanpoko Erakundeei ematen zaien diru laguntzak eman gabe geratu dira aurten, pertsonal gabeziaren ondorioz udalak ezin izan baititu legeak arautzen dituen epeak bete. Horregatik diot orain artekoari jarraipena eman behar zaiola, baina legea betez.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago.Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Badira urte batzuk guk, Alderdi Popularrak, euskararen gaia landu genuena Euskadiko Kongresu batean. Orduan esaten genuena, eta esaten duguna da, hizkuntza bat ez dela galtzen, ez dakitenek ez ikasteagatik, dakitenek ez hitz egiteagatik baizik. Zentzu honetan, onartzen dut udala ondo egiten ari dela lan, teknikari taldea egoki ari dela gaia lantzen. Eta horretan sakondu behar da. Denbora beharko da, baina pixkanaka-pixkanaka joera irauliko da. Hori bai, gaztelania baztertu gabe, asko miresten dudan Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, gaztelania ere euskaldunon hizkuntzetako bat delako.