Arte lehiaketako mende laurdeneko lanik onenak Arma Plazan erakusgai jarri ditu Emeki elkarteak.
Garai batean, hainbeste arte galeria zeuden Hondarribian ezen herri osoak galeria bakarra ematen baitzuen. Orduan ere herri turistikoa zen, baina baita arte eta artisten topagune ere. Testuinguru horretan jaio zen Emeki emakume elkartearen aire libreko margo lehiaketa, 25 urtez abuztuko lehen asteburuan egin izan dena. “Gure artean baziren artistak, eta pentsatu genuen arte lehiaketa antolatzea, inguruko herrietan egiten zirelako horrelakoak”, azaldu du Maria Jesus Berrotaran elkarteko kideak. Egun, besteak desagertu dira, baina Hondarribikoak eutsi egiten dio. “Sekulako lana egin behar da, baina elkartearentzat kultur arlotik ekitaldi garrantzitsua da”, aitortu du. Eta artistek begiz jota dute, batzuk oso urrutitik hurbiltzen baitira izena ematera eta 50etik gorako parte hartzeak izan ditu.
Iaz, mende laurdenari lotuta, lehen edo bigarren saria jasotako 26 lan erakutsi zituzten Itsas Etxean lehiaketako asteburuan. Orain, lasaiago, horietatik hamahiru begiztatu daitezke Arma Plazako kultur eta informazio gunean hilaren 26ra arte. Gainontzekoak, irailean erakutsiko dituzte, leku berean. “Altxor handi bat dugu —adierazi du Berrotaranek—, eta altxor hori herriari erakutsi nahi diogu. Herria 25 urte hauetan aldatu delako, margotzeko teknika ere aldatu delako, eta hirugarrenik, irabazleari ematen zaion saria Hondarribiko Udalak jartzen duelako, eta diru hori herritarren zergekin ordaindutakoa da”. Hots, artelanak herriarenak direla uste dute, eta herriak ikusteko direla.
Itsaso Labari irundarra arduratu da Arma Plazako erakusketaz, lanen aukeraketaz eta kokapenaz. Kultur Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduko azkeneko kurtsoan dago eta, hain zuzen ere, Emekiren bildumaren kudeaketaren inguruan ari da Gradu Amaierako Lana egiten. Lehiaketako epaile izaten den eta Espainiako Akuarela Saria irabazita duen Javier Sagarzazu txundituta geratu zen aurkezpenean. “Zeinek prestatu du?, —galdetu zuen—. Nik erakusketa bat antolatzen dudanean egunak pasatzen ditut koadroak nola jarri ez dakidala, eta disposizio honek harrapatuta utzi nau atetik sartu orduko, sekulakoa da”.
Orain bi urte jarri zen Emeki Labarirekin harremanetan, lehiaketan sariren bat jasotako 70 artelanen egoera hobetu zezan. Hala zehaztu du gazteak: “Artelanen inbentario sinple bat zeukaten eta kontserbazio irizpide batzuk jarraitzen zituzten. Nik inbentario hori informazio gehiagorekin osatu dut, kontserbazio egoera, materialak…”. Proiektua prestatu zuen eta udalak diruz-lagundu du. Horri esker, 26 koadro markoan jarri ahal izan ditu Emekik : “Oso eskertuta gaude udalarekin —esan du Berrotaranek—. Urte bakoitzeko koadro bat jarri genuen markoan, batzuk lehen sariak eta beste batzuk bigarrenak. Beste batzuk kaltetuago daude, eta lan gehiago behar dute”.
Lan hori iazko lehiaketa baino lehen egin hasi zuen irundarrak: “Abuztuko erakusketarako artelan batzuen esku hartzeari ekin nion”. Irailetik aurrera, aldiz, bilduma osoari heldu zion: “Bildumaren ikerketa sakon bat egin dut, egoera aztertuz, eta biltegiratzeko proposamen berri bat sortu dut. Nire lana prebentziozko kontserbazioan datza, inguru baldintzak hobetuz artelanen kontserbazioa bermatzeko”.
“Purutasun puntua”
Lan horren baitan kokatu du hilaren 26ra arte Arma Plazan bisitatu daitekeen erakusketa. Batez ere, koadroen kontserbazioan jarri du arreta hautaketa egiterakoan, baina ez bakarrik: “Hainbat irizpide eduki ditut kontuan: lehenik eta behin kontserbazio egoera, kontserbatzaile bezala nire interes handiena hori delako”. Bigarrenik, gaiak, “artelan guztiek Hondarribiko paisaiak jorratzen dituzten arren gai ezberdinak aurki daitezkeelako: herrikoak, itsasoa, eta abar”. Erabilitako teknikari ere erreparatu dio: “Teknika anitzak aurki ditzakegu bilduman, olioa, akrilikoa, akuarela, collageak, mistoak… Eta aniztasun hau irudikatzen saiatu naiz”. Eta, bukatzeko, “koloreak, argiak eta tamainak kontuan eduki ditut, simetria bat jarraituz beti ere erritmo bat bilatzen”.
Gai eta teknika oso desberdinak jorratzen diren arren, ale guztiek ezaugarri komun bat dute, egun bakarrean eta kalean egindakoak direla: “Purutasun puntu bat daukate lanek—iritzi du kontserbatzaileak—, artistek artelana zuzentzeko denbora ez daukatelako, lehen inpresio bat irudikatzen dutelako”.
Ondare artistiko handia da Emekik mende laurdenez pilatutakoa. Labari bat dator elkartearekin, herriaren ondare direla esaterakoan: “Herrirako den ondare artistikoa nabarmenduko nuke. Autore ezberdinena izatea, baita urte ezberdinetakoa izatea ere, Hondarribiko ikuspegi desberdinak nabarmendu daitezkeela uste dut, eta oso kontzeptu aberatsa iruditzen zait hori”. Hala, herritarrei deia luzatu die, mende laurdenez herriaren garapena jaso duten pintzelkada azkarreko artelan hauek ikustera hurbildu daitezen: “Herritarrontzako aukera paregabea iruditzen zait, artelanak pertsonek disfrutatu behar dituztelako, eta kasu honetan, Hondarribiko herritar guztien interesekoa izan daitekeelako”.