"Udal langile taldearen beharrak ezagutu nahi ditugu"
Jon Kanpandegi izango da Vox alderdiaren alkategaia Hondarribian. HITZAren galdetegiari erantzun dio.
Hondarribiko alkategai guztiei galdera berberak egin dizkie Oarso Bidasoko HITZA-k. Sei hautagaitza aurkezten dira Hondarribian eta horietatik bakarra da berria, Vox alderdiarena. Jon Kanpandegi da Vox-eko zerrenda burua.
Zergatik zara hautagai onena? Zergatik eman behar diote botoa zure alderdiari?
Hemen jaio naiz, eta hemen bizi izan naiz beti. Herria ezagutzen dut, eta ezagutzen ditut Hondarribiko hiritarren beharrak ere. Horregatik uste dut hautagai onena naizela. Eta horregatik eman behar digute bozka, haien ahots disidenteak hiri honetan ordezkatuak izan daitezen.
Zeintzuk dira Hondarribiak dituen behar handienak?
Gure ustez, arazo larrienak eta premiazko soluzioa behar dutenak uda garaiko aparkaleku eskasia, trafiko arautzea herriko sarbidean eta erdigunean, eta Alarde tradizionalaren inguruan sortu den gatazka dira. Azken honi dagokionez, udalak arduratsu jokatu behar duela uste dugu, eta irmoki lan egingo dugu akordioa bilatu eta gauzatu arte.
Udalak pertsonal gabezia larria du, eta horrek ekartzen du, besteak beste, urtero aurrekontuaren zati handi bat ezin erabiltzea. Zein neurri proposatzen dituzue arazo horri aurre egiteko?
Udalaren eta udal langile taldearen beharrak ezagutzeko azterketa bat eskatu nahi dugu, baliabideak optimizatzeko eta, behar izanez gero, udal langile taldea handitzeko. Kanpo auditoria bat egitea ere proposatzen dugu, aurrekontuaren zein zati eta nola eta non gastatu den zehazteko, eta bete ez diren egikaritzeen arrazoiak ezagutzeko.
Zeintzuk dira hurrengo laurtekorako proposatzen dituzuen proiektu eta inbertsio nagusiak?
Gipuzkoako Vox alderdiak N638 errepideko semaforoa kentzea proposatzen du, eta bertan igogailua izango duen zubi bat eraiki. Horrela, trafikoa arinduko da, eta modu zuhurtziagabean errepidea zeharkatzen duten oinezkoek eragindako istripu arriskua murriztuko litzateke.
Era berean, disuasio-aparkaleku handi bat eraikitzeko proiektu bat garatzeko lan egingo dugu, teknikoek zehaztuta, ahalik eta leku onenean kokatuko litzatekeena. Aparkalekutik autobus linea bat aterako litzateke, tarifa oso murriztuarekin. Horrela, TAO eremu urdina desagertu araziko genuke erdialdeko zati handi batetik, bizilagunentzako aparkaleku eremua handituz. TAO sistema ezarri zenetik irundarrek behin eta berriz egindako eskaera da hau, gainera.
Hondarribia herri euskalduna da, euskararen ezagutza handia da, baina erabilera oso azpitik dago. Zein da zure alderdiak hurrengo lau urteetan bultzatuko duen hizkuntza politika?
Ustezko hizkuntz eskubideen gainetik, nahi duten hizkuntza aukeratzeko pertsonek duten askatasuna errespetatzen dugu, eta horren alde egingo dugu lan. Aukeratzeko askatasuna sustatu nahi dugu, aurreko gobernuek aintzat hartu ez duten eskaera izanik.