Absolbitu egin dituzte gaztetxeko hiru gazte inputatuak
Epaileak ebatzi du ezin dela okupazioa zigortu, jabeak abandonatutako eraikinean sartu direlako.
Irungo epaileak absolbitu egin ditu Hondarribiko Egiluz jauregiaren okupazioaren harira identifikatutako hiru gazteak. Apirilaren 29an egin zuten epaiketa azkarra, eta bistaren ondoren epaiaren zain geratu zen auzia. Atzo jaso zuten gazteek sententzia. Epaileak uste du okupazioa ezin dela zigortu, jabeak abandonatutako eraikina delako okupatu dena.
Eraikinaren jabeak, elizak, hiru gazteentzako hiru hilabetez egunero 3 euroko isuna eskatu zuen. Horrez gain, uraren eta argiaren fakturak eta zerrailaren aldaketaren kostuak ordaintzea, eta jauregitik alde egitera behartzea. Fiskaltzak, aldiz, gazte batentzako bakarrik hiru hilabetez egunero 3 euroko isuna, eta beste bientzako absoluzioa. Gazteen defentsak hirurentzako absoluzioa eskatu zuen.
Epaileak aintzat hartu ditu defentsaren argudioak. Epaian irakurri daitekeenez, gazteek ez dute jabea erabiltzen ari zen eraikin bat okupatu. Are gehiago, epaileak nabarmendu du jabeak onartu izan duela eraikin hori aspaldi ez zuela erabiltzen, egoera txarrean zegoelako. Hala, jabearentzako kalterik ez dagoela iritzi du epaileak eta, hori horrela, okupazioa ezin dela zigortu ebatzi du.