"Zahartze aktiboari bultzaldia" proposatu du EAJk
Kasino Zaharraren ingurua eta eraikina hobetu nahi dute jeltzaleek hurrengo laurtekoan.
Zahartze aktiboa sustatu nahi dute jeltzaleek hurrengo agintaldian, eta adinekoen iritzia ezagutu nahi dute horretarako. Hala adierazi dute Kasino Zaharraren inguruan. “Biztanleriaren zahartzeari modu positiboan heltzeko, zahartze aktiboa sustatu eta gure herriko kolektibo honek zer behar eta nahi dituen ezagutu nahi dugu, Hondarribia beraiekin ere eraikitzen jarraitzeko”.
Amaitzen ari den agintaldian Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi izan den Arantxa Berrotaranek uste du adineko pertsonak geroz eta aktiboagoak direla: “Aurrerapauso dezente eman ditugu azkeneko urteetan, Kasinoko kudeaketan eta egiten diren ekitaldi guztietan aktiboago ikusten ditugu, bai Junta, baita adineko pertsona guztiak ere. Eta horretan jarraitzeko proposamena luzatzen dugu. Beraien inplikazioa beharrezkoa da beharrak partekatzeko eta beraien gustukoen ekitaldiak aurrera eramateko”.
Halaber, Lagunkoia programa “bereziki sustatu” eta Kasino Zaharraren ingurua eta eraikina hobetzeko lanak egingo dituztela aurreratu dute jeltzaleek: “Kasino Zaharreko ingurua hobetzeko aurreproiektua egina daukagu —gaineratu du Berrotaranek—, baita eraikina ere, hobekuntzak behar dituelako”.