XI. Triatloia, sprintekoa eta herrikoia
Biosnar Triatloi Klubak antolatu du eta bihar egingo dute.
Biosnar Triatloi Klubak antolatuta, Hondarribiko XI. Triatloia eta Hondarribiko XI. Triatloi Herrikoia egingo dituzte bihar, larunbatez. Biek hondartzan izango dute hasiera eta atletismo pistan helmuga.
Herrikoiena egingo dute aurrena, 15:00etan abiatuta. Parte hartzaileek 350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2.500 metro lasterka egin beharko dituzte.
Proba nagusia sprint distantzian burutuko da: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta beste bost kilometro korrika. Emakumeak 17:00etan aterako dira hondrtzatik, gizonak ordu laurden geroago.
Bi probetako aldaketetarako guneak Minatera kalean jarriko dituzte, kirol kai ondoan. Biosnarren Facebook orrian azaldu dutenez, bizikleta sektorerako boluntario falta dute. Lagundu nahi duenak, facebook bitartez jakinarazi behar du.
Trafiko mozketak
Triatloiaren azpiegitura garrantzitsuena Hondartza auzoan muntatuko dute, aparkalekuetan. Nolanahi ere, probak burutzen diren bitartean trafikoa moztu beharko da herriko zenbait lekuetan, kirolariak pasa bitarte. Udaltzainak egongo dira trafikoa zaintzen.