'Harrera' abesti solidarioa sortu dute
Patxuko Nice taldeak grabatu du. Deskarga bakoitzarekin Irungo Harrera Sareak euro 1 jasoko du. Ekainaren 1erako jaialdi solidarioa prestatzen ari dira.
Patxuko Nice taldearen Harrera abesti solidarioa aurkeztu dute gaur goizean Irungo Lakaxita gaztetxean, iazko uztailean Irungo Harrera Sarea sortu zen lekuan. Abestiaren letra Oier Guillanena da eta musika Sergio Patxuko Ordoñezen eta Jon Mari Beasainen (Esne Beltza, Patxuko Nice) artean sortu dute. Grabazioa Peio Gorrotxategik Ereñozun duen Aneka estudioan burutu zuten neguan.
Musika, antzerkia, zinema eta elkartasun arloetan lan egiten duten pertsonek abiatutako proiektuaren barruan kokatzen da Harrera abestia. Aurkezpenean izan dira proiektuaren sortzaile Patxuko Ordoñez eta Malen Garmendia Gomez Irungo Harrera Sareko kidea.
Abestia euro baten truke deskargatu daiteke Patxuko Nice taldearen bandcamp plataformatik, eta etekinak Irungo Harrera Sarearentzat izango dira. Ordoñezek adierazi duenez, “proiektuarekin migratzen ari diren pertsonekiko elkartasuna adierazi nahi izan dugu, baita sareko boluntarioek egiten duten lan ikaragarria omendu ere”.
Abestiarekin batera bideoklipa grabatu dute, eta gaurko aurkezpenean proiektatu dute lehen aldiz. Adrian Fernandez eta Oskar Marcos zinegileek errodatu dute bideoklipa, eta taldearen Youtube kontuan ikus daiteke. “Bestearen tokian jartzen saiatzen denaren ikuspegia adierazi nahi izan dugu, boluntarioen enpatia, ezjakintasunetik bada ere, migratzaileek egiten duten bidaiaren parte izan nahi hori”, azaldu du Fernandezek. Bideoklipean boluntario sarearen laguntza jaso duen migratzaile batek parte hartu du. Bideoklipetik bandcamp kontura joateko aukera dago, abestia deskargatzeko.
https://youtu.be/iGpnh5A982Y
‘Harrera’ abestiari lotuta, ekainaren 1ean egun osoko jaialdi solidarioa egingo dute Lakaxitan. Hurrengo asteetan emango dituzte jaialdiari buruzko xehetasunak baina gaur aurreratu dutenez, kultur adierazpen asko uztartuko ditu jardunaldiak: musika, artea, zirkua, dantza… Musika izango da protagonista nagusia. Gaur izenik eman ez den arren, dagoeneko hamabost musika emanaldi inguru hitzartu dituztela aurreratu dute, bakarlariak, taldeak eta DJ-ak.
Bederatzi hilabete
Irungo Harrera Sarea 2018ko uztailean eratu zen Lakaxitan, orduan hirira iristen hasi ziren migratzaile taldeei erantzuna emateko. Malen Garmendia Gomezek azaldu duenez, ordutik ehunka pertsonak lagundu du modu batean edo bestean sarean: “Arlo, giro eta pentsamolde desberdinetako pertsonek osatu genuen sarea, helburu berarekin: Irunera iristen diren pertsona migratzaileak ongietorriak direla erakustea, eta haien bidai luzearen zati txiki honetan gure babesa dutela sentitu araztea”.
Erakundeen dispositiboak abiatu arte Lakaxitan babestu zituzten migratzaileak. Garmendiak erakundeen erantzuna kritikatu du, motz geratu delakoan: “Erakundeak dira harrera sistema duin eta integrala eskaini behar dutenak. Argi dago, gainera, Europako herrialdeen migrazio politika dela pertsona hauek modu klandestino eta arriskutsuan bidaiatzera kondenatzen dituena, zirkulazio librerako eskubidea behin eta berriro urratzen baitzaie”.
Horregatik, euren denbora elkartasunari eskaini dioten pertsonei esker ona adierazi die Irungo Harrera Sareko kideak: “Gurera datorren edozein pertsona goxo eta ongi tratatzea oinarrizkoa da. Errazena ezikusiarena egitea bada ere, egoera honen aurrean lan egitea erabaki dutenei euren laguntza eskertu nahi diegu”.