Antxeta Irratiak Hondarribiko alkategaiak elkartuko ditu Kultur Etxean
Hauteskunde eztabaida irekia antolatu du Bidasoaldeko euskarazko irrati komunitarioak hilaren 14rako.
Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten bost alderdietako alkategaiak mahai beraren inguruan elkartuko ditu Antxeta Irratiak. Hauteskunde eztabaida irekia antolatu du Bidasoaldeko euskarazko irrati komunitarioak. Hilaren 14an izango da, 18:30ean hasita, Denda kaleko Kultur Etxean. Ekitaldia herritarrei irekia izango da.
Txomin Sagarzazu (EAJ), Igor Enparan (Abotsanitz), Xabier Isasi (EH Bildu), Iosu Alvarez (PSE-EE) eta Josemi Otxoteko (PP), Hondarribiko bost alkategaiak mahai berean eseriko dira, eta bakoitzak hurrengo lau urteetarako dituen planak aurkezteko aukera izango du.
Antxetak jakinarazi duenez, Koldo Nausia kazetariak gidatuko du eztabaida, eta galdera berberak egingo dizkie gonbidatu guztiei. Besteak beste, tokiko ekonomiaz, politika sozialez, parte hartzeaz, mugikortasun jasangarriaz eta euskararen erabileraz galdetuko die Nausiak bost hautagaiei. Gainera, bertara hurbiltzen diren herritarrek aukera izango dute galderak egiteko.
Bigarren aldia da Antxeta Irratiak Hondarribiko hautagaiekin hauteskundeetako eztabaida egiten duena. Duela lau urte egin zuten aurrenekoz eta bertan izan ziren Sagarzazu, Alvarez eta Otxoteko. Abotsanitzen ordezkaria Ortzi Alonso izan zen orduan, eta Lore Erriondok jardun zuen EH Bilduren izenean.