34 urte eta gero, berriro
Hondarribiko Gazte Asanbladak Egiluz jauregia okupatu izanak atzera begira jarri du herria. 1980ko hamarkadako gaztetxeko hiru kidek orduan gertatutakoak errepasatu dituzte.
Ostiral santuz Egiluz jauregia okupatu zuen Hondarribiko Gazte Asanbladak. Begiz jota zuen elizak abandonatutako eraikina, eta bertara sartu ziren gazteak, “bizitza emateko”. Oarso Bidasoko HITZAk duela astebete argitaratutako erreportajean azaldu zutenez, “gazteek behar dute, baita Alde Zaharrak ere”. Okupazioak ia hiru hamarkadako hutsuneari eman dio amaiera, denbora hori igaro baita aurreko gaztetxeak existitzeari utzi zionetik. Egiluz jauregiaren okupazioak atzera begira jarri gaitu, eta protagonistetako batzuekin errepasatu dugu orduan gertatu zena. Datorren ostiralean 34 urte beteko dira gazteak udalak erabiltzen zuen harresi azpiko aldundiaren biltegian sartu zirenetik.
1985eko maiatzaren 10ean okupatu zuten. Aurretik, baina, mugimendu dezentekoa zegoen herrian. Amuitzak Kultur Elkarteak hainbat eskaera eginak zituen udalean, gazteek biltzeko eta ekintzak antolatzeko beharra zutela eta. Kima Arzuagak 17 urte zituen, gogoan du orduko gazteek gauzak egiteko beharra sentitzen zutela: “Herri turistikoa zen, gazteentzat ez zegoen ezer, ez zegoen zinemarik, tabernak bakarrik, eta zerbait egin beharra zegoen, ez bakarrik aisialdirako: kontzertuak, elkartu, auzolanean gauzak egin…”
Miren Bengoetxeak hamasei urte zituen okupazioaren unean. Ondo gogoratzen du garaiko egoera: “Garai hartan ez zen lokalik, kalean elkartzen ginen, Fin del Mundo-n [Kai Zaharrean], edo San Pedro kalean banku batean”. Okupazioaren aurretik udalera joan zirela gogoan du: “Okupazioa baino lehenago udalera joan ginen lokala eskatzera, ez okupatu genuen hori eskatzera, baizik eta lokal bat, edozein”. Ez zuten erantzunik jaso.
Pixkanaka-pixkanaka eskaera hori gorpuzten joan zen, eta 1984-85eko neguan Hondarribiko Gazte Asanblada jaio zen. “Gazte mugimenduko jendea elkartzen hasi ginen, eta gazte asanblada sortu zen —jarraitu du Arzuagak—. Hori izan zen gaztetxearena bultzatu zuena, ez zen ezerezetik sortu, asanblada sortu zen, eta jarraian iritsi zen gaztetxea”. Asanbladak Gazte-leku bat orain! goiburuarekin musika jaialdi bat antolatu zuen, Ximorra, Vomito Social, Anti Regimen, Bap, Baldin Bada eta Bolingas Anonimos taldeekin. Azken orduan bertan behera geratu zen jaialdia, baina gazteen motibazioa ez zen itzali.
Manifestazioak egiten hasi ziren, eta horietako batean sartu ziren harresi azpiko biltegian. Hondarribiko institutuko ikaslea izan arren, Irunen bizi zen Jon Diez. Hamasei urte zituen gaztetxea sortu zenean. Honela gogoratzen du: “Ordurako ja jende dezente ginen, adin desberdinetakoak, eta manifestazio batzuk egin ziren gazteentzako lokala eskatzeko. Gure kuadrilla deialdi horietako batera hurbildu zen, eta hor hasi zen gaztetxearekiko gure inplikazioa”.
Astebetean hiru aldiz
Ostiralez okupatu zuten eraikina. Hurrengo asteartean Udaltzaingoak bertatik atera zituen, baina gazteak ez ziren kikildu, eta beste bitan saiatu ziren biltegira sartzen. “Aste batean hiru egunez okupatu genuen”, kontatu du Bengoetxeak. Bigarren saiakeran bi gazte ospitalean artatu behar izan zituzten, udaltzain batzuren jardun bortitzaren ondorioz.
Maiatzaren 17an El Diario Vasco egunkarian argitaratutako gutun batean horrela salatu zuen R.O. gazteak: “Udaltzainek desalojatzeko agindua jaso zuten, eta haietako hiru sartu ziren […] Garrasiak eta bultzadak hasi ziren eta, nire kasuan, ezer egin ez nuen arren, hamabost segundoz spraia bota zidaten. ‘Begietara ez!’, oihukatu nuen, eta orduan udaltzain bat [gutunean bere abizena aipatzen du] nirekin oldartu zen. Erdi itsutua, eta alkandora puskatua nuela, ihes egitea lortu nuen”.
Okupazioaren kontrako erantzunak eztabaida sutsua piztu zuen Udaltzaingo barruan. “Gure kontra ez egitea erabaki zuten”, laburtu du Arzuagak. Hala, trabarik gabe, hirugarrenez okupatu zuten udal biltegi gisa erabiltzen zen eraikina. Hondarribiko Gazte Asanbladak helburua gauzatu zuen.
Aldundiarena zen, baina udalari utzita zion. “Trafikoko seinaleak eta abar gordetzen zituzten bertan”, zehaztu du Diezek. Hala, bertan gordetzen zuten materiala kanpoan utzi zuten, udalak jaso zezan, eta zer egin erabakitzen hasi ziren: “Ikusita ez gintuztela botatzen, orduan hasi ginen planak egiten, espazioa zabaltzen, paretak botatzen, eta abar”.
Solairu bakarreko lokala zen, lauki zuzena baina ez luzea, nahiko karratua, 120 metro koadro ingurukoa. Egungo Olagarro elkartearen egoitzaren ondoan zegoen, harresiaren kontra, eta belardi txiki bat zuen inguruan, orain dagoenaren antzerakoa baina ez hain txukun jarria. “Toki erosoa zen, herri erdian zegoen”, gehitu du Bengoetxeak. Orduko argazki gutxi dauden arren, nolakoa zen jakin nahi duenak Interneten du aukera, okupatu eta hilabete gutxira Kortatu taldeak Sarri, Sarri abestiaren bideoklipa grabatu baitzuen bertan.
Zaharra zen oso, kanpoko hormak egoera onean zeuden, baina ondo zegoen gauza gutxietakoa izango zen hori. Diezek anekdota bat partekatu du: “Gutako bat besaulki batean eserita zegoela leihoaren markoa gainera erori zitzaion, burua erdian eta markoa inguruan geratu zitzaion, enmarkatuta bezala. Eskerrak leihoak ez zuela kristalik”. Laster batean kontzertuak antolatzen hasi ziren, konponketak egiteko dirua biltze aldera. Okupazioaren hilabetean bertan Kortatu eta Vomito talde irundarrek jo zuten gaztetxean. “Barruko paretak batez ere segurtasunagatik bota genituen —esan du Bengoetxeak—, ez zeudelako ondo. Gero ja leku gehiago genuen, txukundu genuen, margotu, liburutegia sortu, eta abar”.
Garai hartan Euskal Herriko gaztetxeen arteko sare bikaina zegoela eta kontzertuak antolatzeko hori abantaila handia zela adierazi du Arzuagak, eta Bengoetxeak berretsi du: “Astebururo zegoen zerbait antolatuta”.
Kontzerturik handiena, urte hartako irailaren 9an antolatu zuen gazte asanbladak, Benta zaharrean. Kortatuk eta Vomitok errepikatu zuten eta haien ondoan, ordurako ja mitikoa zen Gasteizko Cicatriz taldea. “Bi barra jarri genituen, bat Bentan eta beste bat gaztetxean, gaztetxera ez zen ia inor etorri, mundu guztia zegoen Bentan —Diez, atzera begira jarrita—. Hor ginen gu, hesiak zaintzen inor ez zedin sartu ordaindu gabe, eta punkiei sarrerak saldu eta zigilua jartzen. ‘Zerriak bezala markatzen gaituzte!’, esaten zuten barrez, eta gu izututa, ume batzuk ginen punkien ondoan”. Sarreragatik 100 pezeta (0,60 euro) ordaindu behar zen.
Bizitzako parte bat
Kontzertuez gain, proiekzioak, hitzaldiak eta mus txapelketak antolatzen zituzten, beste jarduera askoren artean. Bengoetxearen hitzetan, mus txapelketetara “herri guztia” hurbiltzen zen: “Ez dakit nondik etortzen zen jendea baina mus txapelketekin bete egiten zen gaztetxea”. Mahai-tenisean asko ibiltzen zirela gehitu du Diezek.
Arzuaga, Bengoetxea eta Diez bat datoz hura haien bizitzako parte garrantzitsu bat izan zela esaterakoan. Izan ere, hondarribiarrek oso presente dute garai hartan gaztetxearen inguruan gertatu zena, besteak beste neguko herri olinpiadak bertatik antolatzen hasi zirelako: “Sozialki eta politikoki desberdinak ziren gazteak biltzea lortu zen. Lotura oso indartsua izan zen”.
Diezek jarraitu du: “Etxetik ateratzen zinen eta zuzenean gaztetxera, inorekin geratu gabe. ‘Norbait egongo da eta zerbait egingo dugu’, esaten genuen”. Berdin zion zein kuadrillakoa zen. «Harremanak kuadrilla desberdinetako jendearekin egiten zenituen, niretzat gozamena zen». Arzuagak zehaztu du: “Ligatu, ez genuen ligatzen [beste biek barre egin dute], edo ez ginen konturatzen ligatzen bagenuen, baina harreman oso onak egin genituen. Hiru bat urte oso intentsoak izan ziren, gure garaiko jende askok sentitzen du hori”.
Ikasgaia ere izan zela uste dute, “bizitzako gauza askotarako balio izan digu, ardurak hartu genituen, auzolanean lan egiten genuen, eta pertsona helduak bilakatzeko modu bat izan zen”. Hasieran mesfidati zeudenak bereganatu zituztela erantsi du Arzuagak: “Udalak gu errespetatzea lortu genuen, eta herriaren errespetua ere irabazi genuen, ikusi zuten ez zela bakarrik mozkortu eta parranda, fundamentua genuela ikusi zuten”.
Hala, gaztetxeak antolatutako olinpiadetako parodia proba, inauterietako ostiralean egiten zutena, udalaren egitarau ofizialean sartu zen. “Hasi ginen San Pedro kalean oholtza jartzen, handitzen joan zen, eta bukatu genuen Jostaldi pilotalekuan”, esan du Diezek. Urterik onenean bi mila lagun elkartu ziren frontoian gazteen parodia ikusteko. Herri olinpiadetako beste probetan ere jende asko elkartzen zen probak jarraitzera, eta herritar askoren laguntza jasotzen zuten gazteek, Gurutze Gorriarena, udaltzainena… “Urritik udaberrira arte astebururo zeuden probak, beti zegoen zerbait, eta hori guztia gaztetxetik sortu zen”.
Errespetu eskaera
Hori horrela, apirila erdialdean Egiluz jauregia okupatu zuten gazteekiko jarrera bera eskatu diete hiru ‘okupa zaharrek’ udalari eta herriari. “Gustatuko litzaiguke udalak eta herriak lan egiten lajatzea, konfiantza izatea gazteengan”. Gazte horietako askok Saindua Udal Gaztelekutik pasatu direla kontuan hartzeko eskatu du Bengoetxeak, “baina gehienak ja ezin dira gaztelekura joan, 17 urtera arte bakarrik delako, eta joan daitezkeenentzako Saindua abuztuan itxia dago, igandero itxia…”. Hirurak ados daude, udal gaztelekuak lan ona egiten duela onartzen dute, «baina gauza batek ez du bestea kentzen, adin tarte desberdinak direlako eta nerabeen eta gazteen beharrak desberdinak direlako».
Hain zuzen ere, gaztelekuaren sorreraren eta gaztetxearen desagertzearen arteko lotura egin dute Diezek, Bengoetxeak eta Arzuagak. Gaztetxean eta olinpiadetan ardura handiena hartzen zuten gazteek erreleboa eskatu zuten, baina ez zen erreleborik iritsi, eta garai horretan ireki zuen udalak Saindua Udal Gaztelekua. Gazteei eskaini zien lekua, baina kudeaketa udalarena zen, ez gazteena. Sainduara joaten hasi ziren eta gaztetxearen distira itzaltzen zen bitartean. “Saindua izan zen udalak gu desaktibatzeko erabili zuen tresna, eta bete-betean asmatu zuen”, kexu da Arzuaga. Gero, gaztelekua nerabeentzako gune bilakatu zen, eta gazteak zer egin eta nora jo jakin gabe geratu ziren. Sortu zenetik lauzpabost urtera hutsa geratu zen gazte asanbladaren egoitza, eta eraikina bota egin zuten. Gerora izan ziren beste gaztetxe bat edo gaztelekua autogestiotik kudeatu behar zela eskatu zuten ahotsak, baina ez zuten aurrera egin.
Badira ia hiru hamarkada gaztetxea itxi zenetik, kasik hogeita hamar urteko hutsunea. Horregatik, ostiral santukoaren berri izan zutenean “gazteek urratsa eman dutelako sekulako ilusioa” sortu zitzaion Diezi, “kristoren poza” hartu zuten Arzuagak eta Bengoetxeak. Are gehiago, erreportajearen aitzakiarekin barrutik ezagutu dutenean, “inbidia sanoa” sentitu dute hirurek. Bertan jarduera asko antola daitezkeela uste du Diezek: “Beheko solairuko areto nagusiaren antzerakoa zen gurea, karratuagoa, baina antzerakoa. Hori zen gure gaztetxea. Honek beste bi solairu ditu, areto pila”. Batera gauza bat baino gehiago egin daitezkeela baloratu du Bengoetxeak, “guk hori ezin genuen egin, areto bakarra zen”.
Orain hiru hamarkada beraiek egin zuten bezala, egungo gazteek Egiluz jauregiko ateak zabaltzeko adierazi duten asmoa txalotu dute: “Gu ez gara inor inori ezer eskatzeko, baina izan dadila gaztetxea izaera desberdina duten pertsonak elkartzeko, ahalik eta zabalena, inor kanpoan utzi gabe, gazte guztiak bertan eroso sentitzeko”. Halakoa izan baitzen orain 34 urte sortu zen lehen gaztetxe hura, ehunka gazteren egoitza bilakatu eta herriaren miresmena lortu zuena. Asko da esatea harresi ondoko biltegi hura eta Egiluz jauregia enbor beretik sortuak direla, baina ilusioa pizteko gaitasunak, behintzat, maila berean jarri ditu biak.