Grabni txapelketako zazpi final jokatuko dituzte Hondarribian
Selekzioen arteko zesta puntako eta palako finalak jasoko ditu Jostaldi frontoiak. Goizean hiru jokatuko dituzte, arratsaldean beste lau.
Selekzioen arteko afizionatuen Grabni txapelketako finalak jokatuko dituzte asteburuan, ezker hormakoak nahiz trinketekoak. Horietako batzuk Hondarribiko Jostaldin programatu dituzte, hain zuzen ere, zesta punta eta pala modalitatetakoak. Goiz eta arratsaldez izango dira partidak Jostaldin.
Goizez, 10:00etan hasita, zesta puntako binakako hiru finalak jokatuko dituzte, gazteena (Gipuzkoa-Iparralde), 22 urtez azpikoena (Gipuzkoa-Iparralde) eta nagusiena (Bizkaia-Iparralde).
Arratsaldez, 15:00etatik aurrera, nagusien palakoa (Nafarroa-Bizkaia), eta zesta puntako banakako hirurak jokatuko dituzte: gazteena (Bizkaia-Gipuzkoa), 22 urtez azpikoena (Araba-Bizkaia) eta nagusiena (Bizkaia-Gipuzkoa).
Gainontzeko modalitateetako finalak Irunen, Oiartzunen, Biriatun, Donibane Lohitzunen, Hendaian eta Urruñan jokatuko dituzte, denak asteburuan zehar.