Taberna I2ltaria, kantu zaletasunaren hilabetea abiatzeko
Musikari ibiltariek Portuko kaleak girotuko dituzte larunbatean, egun osoz. Alaiki elkarteak antolatu du, udalaren laguntzaz.
Taberna I2ltaria musika taldeak Portuko kaleak girotuko ditu larunbatean, egun osoz. Alaiki elkarteak antolatu du ekitaldia, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu dute udaletxean, eta bertan izan dira Ramon Ezeiza eta Pedro Aizpitarte Alaikiko kideak, eta Kalisa Silanes Kultura zinegotzia. Silanes herritarrei zuzendu zaie ditu larunbatean musikariengana hurbildu daitezen: “Aukera polita da gure ondarea diren euskal ezagunak kalean abesteko”.
Bigarren aldia izango da Alaikikoen eskutik Taberna I2ltaria Hondarribira hurbilduko dena. Gaurko prentsaurrekoan onartu dutenez, iaz “denbora gutxirekin” antolatu zuten, Herri Kanta jaialdiaren bezperan programatuz. Aurten banatu egin dituzte bi ekitaldiak, eta bakoitzak bere bidea hartuko du. “Horrela, jende gehiago etortzea espero dugu”. Hala, larunbat honetan izango da Taberna I2ltariaren bisita, eta maiatzaren 19an ospatuko da aurten hiru hamarkada beteko dituen Herri Kanta Jaialdia.
Eguerdian abiatuko dira musikariak. Lehen geldiadia Txantxangorri eta Hondarribia tabernen ondoko eremuan egingo dute (12:30ean gutxi gorabehera), eta bigarrena Loretxu pareko plazatxoan, Zuloaga eta Almirante Alondo kaleen artean (13:30etatik aurrera, bazkalordura arte). Hurbiltzen direnei orriak banatuko dizkiete, abestien letrekin.
Eguerdiko saioaren ondoren, Alaiki elkartean hartuko dituzte indarrak musikariek, eta arratsaldean berriro kalera aterako dituzte musika tresnak. 18:30ak aldera, Lekuona parean hasiko dira jotzen eta abesten. 20:00etan Arrantzale Auzora mugituko dira, eta bertan jarraituko dute jarduna, gauerdira arte.