Lau lagun atzeman dituzte Irunen, migratzaileei muga pasatzeko dirua kobratzea egotzita
Espainiako Poliziaren arabera, talde antolatua zen, eta Irundik Baiona aldera eramaten zituzten migratzaileak 40-100 euro artean kobratuz.
BERRIA egunkariak jakinarazi duenez, Espainiatik Irunera iritsitako migratzaileak Baionara eramaten aritzen zen talde bat desegin du Espainiako Poliziak. Lau lagun atzeman dituzte Irunen, migratzaileei muga pasatzeko dirua kobratzea egotzita, Espainiako Poliziaren arabera.
Irunen bertan jartzen ziren harremanetan etorkinekin, eta diru truke Baionara eramatea proposatzen zieten. 40-100 euro kobratzen zieten, Poliziaren esanetan.
Atzemandako lau lagunek egunean bidaia bat baino gehiago egiten zuten Irundik Baionara. Frantziako Polizia kontrol ugari jartzen ari da hilabeteotan, eta ehunka migratzaile bueltatzen ditu Gipuzkoara —legea hautsiz horietako batzuk, hainbat elkartek salatu dutenez—.
Espainiako Poliziak azaldu duenez, taldean aritzen ziren kontrolak saihesteko: Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan poliziarik ba ote zegoen zelatatzen zuten, auto eta ibilbide desberdinak erabili, eta Polizia sumatuz gero norabidea aldatu.
Atzemandako lau lagunei bi delitu leporatu dizkiete: atzerriko herritarren eskubideen aurkakoa eta talde kriminal bat osatzea.