EAJ nagusitu da nabarmen Hondarribian
Jeltzaleek %41 lortu dute, 1.203 boto irabaziz. Elkarrekin Podemos bigarren izan da, baina indarra galduta. EH Bildu eta PSE-EE asko igo dira, eta PP erdira jaitsi.
Euzko Alderdi Jeltzalea izan da nabarmen Espainiako Kongresurako hauteskundeen irabazlea Hondarribian. EAJ-k botoen %41 eskuratu du, aurreko deialdiarekin alderatuta 8 puntu irabaziz. 4.022 boto lortu dituzte jeltzaleek, 2016an baino 1.203 gehiago.
Elkarrekin Podemosek —2016an Elkarrekin Ahal Dugu bezala aurkeztu zen— bigarren postuari eutsi dio, baina galera dezentekoa izan du bai botoetan, bai portzentajean. 1.802 bozka lortu ditu herrian, 2016an baino 876 gutxiago. Bataz bestean, %31,6tik %18,4ra jaitsi da koalizio morea.
Kontrakoa gertatu zaio EH Bilduri, gorakada handia izan baitu botoetan, baita portzentajean ere. %11,2tik %15,4ra igaro da, eta 1.511 hautesleren babesa jaso du, orain hiru urte baino 562 gehiago (949 izan zituen). Hau da, %59 hazi da koalizio abertzalea duela hiru urteko bozekin alderatuta.
Laugarren indarra Hondarribian Espainiako Estatuko irabazlea izan da, alderdi sozialista. 1.381 boto izan ditu, 571 irabaziz (%71ko hazkundea). Portzentaje orokorrean, %9,5etik 14,1era igo da sozialisten babesa herrian.
Hurrengo hiru alderdiak PP, Ciudadanos eta Vox izan dira. Hurrenez hurren, 454, 264 eta 176 boto jaso dituzte. Hala, Espainiako eskuineko hiru alderdiek 894 papertxo pilatu dituzte guztira herrian, %9,1 batuz. PP-ren galera nabarmena da, %8,9tik 4,6ra jaitsi baita. Ciudadanosek puntu bat galdu du, eta Vox botoen %1,8rekin estreinatu da.
Gainontzeko alderdiak ez dira %1era iritsi, Pacma gertu geratu den arren; 70 boto jaso dituzte animali zaleek Hondarribian, papertxoen %0,71.
Parte hartzea, 10 puntu gora
Gipuzkoa osoan bezala, Hondarribian ere nabarmen jaitsi da abstentzioa; %25,2koa izan da, duela hiru urte baino hamar puntu txikiagoa (%35,5, 2016an). 13.210 hondarribiar zeuden bozkatzera deituak, eta horietatik 9.684 hurbildu dira hauteskunde mahaietara.
Parte hartzearen igoerak (1.346 boto gehiago jaso dira), mesede egin die EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri. Baina ez da hiru alderdi horien hazkundearen arrazoi bakarra izan, aurreko deialdian baino 2.336 boto gehiago eskuratu baitituzte hiruren artean. Pozik egoteko arrazoiak dituzte, beraz.
Aldiz, Podemos, PP, eta C’s alderdientzat ez dira emaitza onak izan. Izan ere, parte hartzea asko handitu bada ere, botoak jaitsi dituzte hirurek duela hiru urteko hauteskundeekin alderatuta.