Mikel Orbañanos beste bi urtez lemazain
Hondarribia Arraun Elkarteak 2021 denboraldia bukatu arte luzatu dio kontratua.
2021 denboraldia bukatu arte Ama Guadalupekoaren lemazain izango da Mikel Orbañanos. Beste bi denboraldi egingo ditu Go Fit Hondarribia traineruaren arduradun bezala. Hondarribia Arraun Elkarteak bi urtez luzatu dio kontratua. Horrenbestez, dena ongi, bi hamarkada beteko lituzke Orbañanosek klubean, aurten hemezortzigarren denboraldia egiten ari baita hondarribiarrekin.
Berdeekin eginiko bidean, hainbat eta hainbat garaipen lortu ditu arraun elkarteak Orbañanos entrenatzaile zuela, bai aulki mugikorrean, bai finkoan. Traineruarekin honakoak nabarmentzen dira: hiru TKE txapelketako 64 bandera eta hiru liga (2006, 2014 eta 2015), hiru Kontxako bandera (2005, 2013 eta 2018), Espainiako bi txapelketa (2012 eta 2016), Euskadiko bost (2004, 2005, 2006, 2016 eta 2018), eta Gipuzkoako bederatzi (2004, 2005, 2006, 2010, 2011, 2012, 2015, 2016 eta 2018).
Garaipenez gain, entrenatzaile oriotarrak herriko arraunlari gazteekin eginiko lana nabarmendu du arraun elkarteak: “Hondarribian egindako ibilbide luzean, hainbat eta hainbat harrobiko arraunlariak lehen taldean sendotzea lortu izana nabarmenduko genioke”.