Jauregia parez pare irekita
Hondarribiko Gazte Asanbladak Egiluz jauregia okupatu du. «Bizitza eman» nahi izan diote elizak abandonatuta duen eraikinari. Ate irekien jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar.
Ehunka eta ehunka lagun ekitaldi erlijioen zain zeuden bitartean burutu zuten ekintza. Hondarribiko Gazte Asanbladak (HGA) Juan Laborda kaleko Egiluz jauregia okupatu zuen ostiral santuko arratsaldean. Belaunaldi aldaketa egon da aurten HGAn eta berriek mugarria jarri dute iritsi orduko. Juana Eroa-rena bezala ezagutzen den jauregian sartu dira eta atea irekita uzteko asmoa aldarrikatu dute.
Okupazioarekin hutsune bikoitza bete nahi dutela azaldu du Urko Iridoyk, gazteen izenean: “Herrian ez dago gazteentzako ezer ere ez. Nerabea zarenean bai, Saindua Udal Gaztelekua dago, baina 18 urtetik aurrera ezin zara bertara joan. Gazteek jarduerak behar dituzte, baita Alde Zaharrak ere. Hila dago, dena Portura bideratzen ari dira”. Jauregiaren kokapenak garrantzia duela nabarmendu du: “Ez dugu aukeratu abandonaturik dagoelako bakarrik, Alde Zaharraren erdi-erdian dago eta elizak zakar biltegi bezala erabiltzen du. Uste dugu auzoarentzat ireki behar dela”.
Sartu aurretik bazekiten garbitzen ordu asko eman beharko zituztela, eta atea ireki eta gero haien usteak berretsita ikusi dituzte: “Dena zakarrez beteta aurkitu genuen. Horrelako eraikin historiko bat ezin da horrela egon, bizitza eman behar zaio”.
Ostiraletik bertatik egunero auzolanean aritu dira garbitzen eta astebete eskaseko lanak fruitua eman du. Dagoeneko goiko solairuak dezente txukundu dituzte, baina behekoan oraindik lan handia dute egiteko. “Aprobetxatu daitekeena barrura sartzen ari gara, gainontzekoa garbigunera eramaten dugu”, esan du HGAko kideak.
Zikina eta hondakinez beteta bai, baina egitura espero zutena baino hobeto dagoela onartu dute, eta eraikinaren distribuzioak aukera asko eskaintzen dituela gehitu dute: “Behean areto handi bat dago, eta bertan mila gauza egin daitezke. Eta beste bi areto daude beheko solairuan. Goian gela txikiak daude, bilerak egiteko, tailerrak egiteko… Oso eraikin egokia da askotariko jarduerak antolatzeko”.
Eraikina elizarena izaki, behin-behinekoz herriko arduradun den Betharrameko apaizarekin harremanetan jarri zen HGA. “Badakigu beraientzat ez dela ona gu hemen egotea, baina nortzuk garen eta zer nahi dugun azaldu nahi genien”. Iridoyk onartu du apaizak ez zituela oso ondo hartu, baina elkarrizketarako asmoa berretsi du. Udalean, berriz, oporraldia izan dute, eta bukatu zain egon direla argitu dute gazteek: “Ez dugu udalak hemen eskua sartzea nahi, gune autogestionatua izatea nahi dugu, baina udalarekin harremana eduki nahi dugu”.
Lau egunera, zitazioak
Ostiral santuan okupatu zuten Egiluz jauregia. Handik lau egunera gazteetako lauk epaitegiko zitazio bana jaso zituzten. Hiruk biharamunean deklaratu beharko zuten Irungo epaitegian. Laugarrena, adin txikikoa, Donostiakora joan beharko da datozen egunotan. Zertaz akusatzen zituzten jakin gabe eta abokaturik ez zutela aurkeztu ziren hiru gaztetako bi epaitegira asteazken goizean; hirugarrena kanpoan zen, eta ezin izan zuen agertu. 09:30ean zuten hitzordua eta ordu erdi lehenagotik berrogei bat pertsona bildu ziren eraikinaren kanpoaldean, gazteei babesa adierazteko.
Bista ia bi orduz atzeratu zen, gazteek euskaraz hitz egiteko nahia azaldu zutelako. Epaileari, defentsa prestatzeko aukerarik ez zutela eduki adierazi zioten, abokaturik ez zutela, eta haietako bat falta zela. Hori horrela, epaiketa azkarra atzeratzea erabaki zuen epaileak. Astelehenean eguerdiko hamabietan agertu beharko dute hiru inputatuek epaitegira.
Hori prestatzen duten bitartean, errutinari eutsi diote. “Goizean auzolana egiten dugu, hamarrak aldera, beheko aretoa husteko, eta nahi duten gazte eta gazte ez direnei deia luzatzen diegu, etortzeko”.
Bestalde, eraikinaren kanpoaldean informazio gunea jarri dute, eta Alde Zaharreko gune askotan aurki daitezke Egiluz jauregiko bizilagun berriek jarritako oharrak. “Bizilagun asko eta turista bastante hurbiltzen ari dira, hau zer den ikusteko. Paper bat ematen diegu eta bertan zeintzuk garen eta zer nahi dugun egin azaltzen diegu”.
Arratsaldeak lasaiagoak izaten ari direla gaineratu du Iridoyk. Gazteetako batzuk lotan geratzen dira jauregian, beste batzuk ez. Baina arratsalde pasa elkarrekin egiten dute: “Arratsaldetan goiko solairuak garbitzen ibili gara eta gauean, afaria egin, eta gero pelikularen bat ikusten dugu proiektorearekin. Gero batzuk lotan geratzen gara eta beste batzuk etxera joaten gara”.
Asmoa, gune irekia izatea
Okupazio egunetik asko dira jauregiaren atarian jartzen duten informazio gunera hurbildu diren auzotarrak. “Etorri direnak, gure alde daudela esatera etorri dira, Alde Zaharra hilda dagoela esaten digute, eta zerbait egin behar zela”, esan du Iridoyk. Hondarribiarren babesa jaso dutela esan du, eta sare sozialetan ere nabaritu dutela babes hori.
Udaleko oposizioko bi talde nagusiek haien sustengua helarazi diete gazteei. EH Bilduk oharra bidali du komunikabideetara, gazteen ekintza zorionduz: “Urteetan zehar hutsik egon den eraikin bat berpiztu dute. Hondarribiko Udaletik bultzatzen ez dena gazteek egin behar izan dute: bildu, elkartu, harremandu eta autogestionatzeko beharra beraien kabuz aurrera eraman”. Abotsanitzek honako mezua zabaldu du Facebook bidez: “Bazen garaia Hondarribian gaztetxe bat egoteko! Gazteria aurrera!”.
Berandu baino lehen jarduerak antolatzea da gazteen asmoa, gaztetxea gune irekia izango dela erakusteko: “Dagoeneko auzotar pare bat etorri zaizkigu arte tailerrak egiteko prest daudenak, josketakoak ere, hitzaldiak… Denentzako lekua izango da hemen, guk jarduerak antolatzeko eta antolatu nahi duen ororentzat. Espazio irekia izango da”.
Horren erakusle dira gaurko eta biharko antolatu dituzten ate irekietako jardunaldiak, asmo adierazpen gisa uler daitezkeenak. Gutxi barru gaztetxeak izan dezakeen jarduera irudikatu nahi dutela aitortu du GHAko kideak. “Garbitzen bukatu eta gero hasiko gara etorkizuna zehazten, eta ahalik eta jende gehien hurbiltzea nahiko genuke”. Egiluz jauregiko ateak zabalduko dituzte gaur eta bihar, aurrerantzean hala mantenduko dituztela erakusteko.
Jarduerak
Gaur
- 18:00etan, ate irekietako jardunaldia: afari merienda, musika, edariak…
Bihar
- 10:00etan, auzolana.
- 14:00etan, bazkaria.
- 17:00etan, Maiatzaren 1a, langileontzat goiburuko hitzaldia.
- Ondoren, kontzertu akustikoa.
Udal Artxibategia kokatu nahi zuen EAJk Egiluzen
Zuloaga Etxea Udal Liburutegia zaharberritu eta gero, Udal Artxibategia Egiluz jauregira mugitu nahi zuen udal gobernuak. Hala azaldu zuten jeltzaleek 2015eko udal hauteskundeetako kanpainan, agintaldirako proiektu izarra zen hura. 2016ko aurrekontuetan proiektua erredaktatzeko diru-partida bat onartu zuen udalak. 330.000 euro eraikina erosi, obra egin eta azpiegiturak egokitzeko. Egiluzen, egun Pampinot jauregian eta Kultur Etxeko biltegian banatuta dauden agiriak bateratzeaz gain, Kultur Etxeko biltegia erakusketa areto bilakatuko zen, horretarako diseinatu baitzuten.
Baina Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek atzera bota zuten proiektua orain bi urte, argudiatuta jauregiko egiturak ezingo liokeela artxibategiaren pisuari eutsi. Egiluz jauregia babestutako monumentu izanik, egitura bere horretan mantendu behar da.
Ezetzaren ondoren, PSE-EE udal taldeak erosketa burutzeko proposamena egin zuen, jauregiari kultur arloko beste erabilera bat emateko, baina udal gobernuak atzera bota zuen proposamena.
Juana Eroa-ren etxea esaten diote, baina 150 urte geroago eraiki zuten
Oso handia ez den arren, eraikin dotorea da Egiluz jauregia, Juan Laborda kaleko ederrena dudarik gabe. XVII. mende erdialdean zehar eraikia, oin laukizuzena du eta bi solairu. Fatxada simetrikoa da klasizismoaren eraginez, harlanduz eraikia eta apaingarri ugarirekin osatua. Erdian armarri bertikal dotore bat, oso apaindua hau ere. 1984an Interes Turistikoko Ondasun izendatu zuten, eta monumentu maila jaso zuen.
Juana Eroa-ren etxea bezala ezagutzen da, ahozko transmisioaren arabera Errege Katolikoen hirugarren alabak bertan egin baitzuen lo. Are gehiago, idatzi ofizial askotan Juana Eroaren jauregia bezala azaltzen da, eta historialari batek baino gehiagok idatzi du hortaz, gertatu izan balitz bezala.
Kasu eginez gero, 1502ko urtarrilean Gaztelako Juana I.a izango zenak Egiluz jauregian lo egin zuen hiru egunez Hausburgo eta Borgoñako Felipe [Felipe Ederra bezala ezaguna] senarrarekin batera, Gaztela-Leongo printze-printzesa oinordeko izendatuak izateko Bruselatik Toledora eginiko bidaian.
Baina ezinezkoa da hala izatea, Egiluz jauregia mende eta erdi geroago eraikia izan zelako. Egia da Brusela eta Toledo arteko bidaian Hondarribian lo egin zutela, eta bertan hiru egun pasatu zituztela, printzeak odoluzkiak zituelako eta atseden hartu behar izan zelako.