Carles Ponsen "altxor txikia"-k 17 urte bete ditu
Hondarribiko Nazioarteko Gitarra Jaialdiaren 17. ekitaldia egingo dute larunbatetik asteazkenera.
Bueltan dira Carles Ponsen musika jardunaldiak. Gaur aurkeztu dute Hondarribiko 17. Nazioarteko Gitarra Jaialdia, udaletxean. Bertan izan dira jardunaldien zuzendaria eta Maria Serrano Turismo zinegotzia. Serranok esker ona luzatu dio musikari katalanari, hainbeste urtez “altxor txikia” dn gitarra jaialdia antolatzeagatik. Ponsek, ezinbestekotzat jo du urtetik urtera udalarengandik jasotako babesa.
Sei kontzertu biltzen ditu aurtengo egitarauak. Horietatik bost Hondarribian programatu dituzte —hiru Kultur Etxean eta bana paradorean eta San Gabriel egoitzan—, eta beste bat Irungo Oiasso Erromatar Museoan. Kontzertu guztiak doan izango dira. Ponsen hitzetan, kalitatean oinarritutako egitaraua da, eta pozik dago publikoaren erantzunarekin: “Urtetik urtera parte hartze handiagoa dugu, seinale ona”.
17. Gitarra Jaialdia
Larunbata, hilak 27
- 20:00etan, Kultur Etxean, Concordis gitarra laukotea (Portugal).
Igandea, hilak 28
- 12:00etan, Irungo Oiasso Museoan, Yuri Ciccarese flautista eta Ivana Oliva gitarrista (Italia).
- 20:00etan, Kultur Etxean, Sonidos de guitarra y mujer emanaldia, Jose Luis Ruiz del Puertorekin (Kordoba, Espainia).
Astelehena, hilak 29
- 18:00etan, San Gabriel egoitzan, Carles Ponsen kontzertu soziala, egoiliarrentzat.
Asteartea, hilak 30
- 20:00etan, Kultur Etxean, kontzertu bikoitza: William Jenks (AEB) eta Yoko Takaki eta Takeshi Tezuka gitarra-piano bikoa (Japonia).
Asteazkena, maiatzak 1
- 20:00etan, paradorean, Javier Garcia Moreno (Malaga, Espainia).