EH Bildu: "Hutsik den eraikin bati bizitza ematea ez da delitua"
Hondarribiko EH Bilduk babesa adierazi die Juan Laborda kaleko Egiluz jauregia okupatu duten gazteei, eta espresuki epailearen aurrean deklaratzera deitu dituztenei. Guztira lau izan dira zitazioak jaso dituzten gazteak, horien artean EH Bilduren udal hauteskundeetako zerrendako bigarrena, Xabier Bengoetxea.
Gazteetako hiru Irungo auzitegian aurkeztu dira gaur goizean. Laugarrenak, adin txikikoa, Donostiako epaitegira joan beharko du hurrengo egunotan. Gaurko deklarazioa hurrengo astelehenera arte atzeratu du epaileak, gazteen eskaria aintzat hartuz. Atzo arratsaldean jaso zuten zitazioa gazteek eta abokatua bilatzeko astirik izan ez dutela argudiatu dute, besteak beste.
Komunikabideei bidalitako oharrean, gazteek Egiluz jauregia “berpiztu” dutela adierazi du EH Bilduk: “Urteetan zehar hutsik egon den eraikin bat berpiztu zuten. Hondarribiko Udaletik bultzatzen ez dena gazteek egin behar izan dute bildu, elkartu, harremandu eta autogestionatzeko beharra beraien kabuz aurrera eraman”. EH Bilduk iritzi du “turistentzako politikek” ez dituztela herritarren beharrak asetzen, “are gutxiago Hondarribiko gazteen beharrak”.
Hala, babesa adierazi die bai deklaratzera deituak dauden gazteei, baita gaztetxeari berari ere: “Hutsik dagoen eraikin bati bizitza ematea ez da inolaz ere delitua, behar bat baizik, Hondarribiko Udalak bermatu beharko lukeena. Eta hori ematen ez den bitartean guztiz zilegi ikusten dugu gazteak antolatu eta autogestionatzea”.