Minibusa martxan jartzeko eskatu dute sozialistek
Hondarribiko PSE-EEk hiri-autobusa abiatzeko eskatu dio udal gobernuari. Sozialisten aspaldiko aldarrikapena da hiri-barneko autobus-zerbitzua, eta, Iosu Alvarez bozeramaile sozialistak gogorarazi duenez, 2019 urteko aurrekontuetako plenoan hainbat diru-partida onartu ziren zerbitzua martxan jartzeko: “Apirila aurrera doa, eta ez dugu berririk, ez zerbitzua martxan jartzeko pleguez, ez autobusaren zerbitzuaz, ez geltokien markesinen lizitazio-prozeduraz”. Lizitazioak onartzeko oinarriak “lehenbailehen argitaratzeko” exijitu du Alvarezek.
Udal Mugikortasun Mahaian ari dira autobus zerbitzuaren ingurukoak lantzen. Mahaiaren azken bileran behin-betiko ibilbidea onartu zuten. Orotara 18 geltoki aurreikusten ditu eta, besteak beste, ikastetxeen, Saindua Udal Gaztelekuaren, anbulatorioaren, kiroldegiaren eta merkataritza gune nagusien ondotik igaroko litzateke, eta Lurraldebuseko lineekin lotura izango luke.