[GALERIA] Egiluz jauregia okupatu dute, irekitzeko
Ostiral santuan sartu ziren gazteak elizak Juan Laborda kalean duen eraikinera. Zaborrez beteta aurkitu zuten, baina azpiegitura egoera onean.
Goizez auzolana, baita arratsaldez ere. Ostiral santuan Egiluz jauregia okupatu zutenetik hori izan da herriko gazteen plana. Belaunaldi aldaketa izan da aurten Hondarribiko Gazte Asanbladan (HGA) eta hasi orduko mugarria ezarri dute. Aurrekoa itxi eta ia 30 urtera berriro gaztetxea du Hondarribiak.
Elizak Juan Laborda kalean duen jauregia okupatu dute gazteek. Bada hamarkada bat behintzat erabiltzen ez dela, eta hondakin biltegi bezala erabiltzen zela ikusi dute atea ireki orduko: “Sartu ginen egunean dena zakarrez beteta aurkitu genuen. Horrelako eraikin historiko bat ezin da horrela egon, bizitza eman behar zaio”, adierazi du Urko Iridoy HGAko kideak.
Egunetako lanak fruitua eman du (ikusi beheko argazkiak) eta dagoeneko goiko solairuak dezente garbitu dituzte. Behekoan oraindik lan handia dute egiteko: “Aprobetxatu daitekeena barrura sartzen ari gara, gainontzekoa garbigunera eramaten dugu”.
Ostiralean, Egiluz jauregiaren okupazioari buruzko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk. Bertan, ekintzaren helburuak zeintzuk diren azalduko dute gazteek. Gauza bat argi utzi nahi dute, hutsunea betetzera datozela: “Gazteek behar dute, baita Alde Zaharrak ere”.