«Sentitu eta pentsatzen dugun bezala lan egitea da gure ametsa»
Maiatzaren 5ean New Yorken Tradizio Klasikoko Bikaintasun Emergentearen saria jasoko du Aritz Diez Oronoz hondarribiarrak, bere lankide Imanol Iparragirre gasteiztarrarekin batera.
Tradizio Klasikoko Bikaintasun Emergentearen nazioarteko saria irabazi dute Aritz Diez Oronoz hondarribiarrak eta Imanol Iparragirre gasteiztarrak. Arkitektura eta Arte Klasikoaren Institutua (ICAA), Eraikuntza, Arkitektura eta Hirigintza Tradizionalaren Nazioarteko Sarea (INTBAU) eta Ingalaterrako Carlos printzeak babesten duen The Prince’s Foundation erakundeek banatzen duten saria da, eta mundu osoko arkitektoei irekita dago.
Sariak, artearen, arkitekturaren eta hirigintzaren esperientzia historikoarekin errespetuz lan egiten duten gazte talentudunak nabarmentzea du xede. Lan egiteko modua baloratu dietelako pozik da hondarribiarra.
Nolako saria da maiatzaren 5ean New York hirian jasoko duzuena?
Nazioarteko instituzioen saria da. Funtsean, azken urteetan egin ditugun hiru proiektu dira saritu dituztenak. Proiektu horien atzean dagoen filosofia baloratu du epaimahaiak, egiteko modu bat.
Profesional gazteen talentua saritzen da… Zein garrantzia du zuentzat?
Sekulako garrantzia du. Gure lehen urteetan gabiltza, eta gure lana baloratzea eta nazioarte mailan nolabaiteko isla izatea oso inportantea da, proiektu berriak egiten gogotsu jarraitzeko.
Mekanikari eta Merkatarien Elkarte Nagusiaren liburutegian jasoko duzue saria. Ba al dakizue nolako ekitaldia izango den?
Esaten digutenaren zain gaude. Ikusi ditugu hango aurreko saioetako argazki batzuk, eta etiketaren asunto horiek nola izaten diren azaldu digute… Dezente berria izango da guretzat AEBko giro horietan ibiltzea.
Eta, hitzaldia, prestatzen hasi al zarete?
Imanolek egingo du, bere ingelesa nirea baino askoz ere hobea delako. Bera arduratuko da horretaz, ni isilik geratuko naiz. Hasi da dagoeneko zerbait prestatzen, proiektuez, gure lan egiteko moduez, eta abar.
Hiru proiekturengatik jaso dituzue sariak. Horietako bi azken bi urteetan Richard H. Driehaus saria jasotakoak, gainera. Zein proiektu dira?
Aurreko urtean eta duela bi eginiko proiektuak dira. Bat Leon ondoan dagoen Grajal del Campo herrirako zen. Berpizkunde garaiko jauregi baten berrikuntza zen gai nagusia, eta inguruan dagoen enparantza baten berreskuratzea ere planteatzen genuen.
Bigarrena Extremadurako Trujillo herriko harresien ingurukoa da. Harresien kanpoaldean dagoen parkearen interbentzioa eta harresi barrualdeko pare bat plaza eta etxe sorta bat zaharberritzea proposatzen genuen.
Zein egoeratan daude proiektu horiek?
Egiteko proiektuak ziren, horregatik aurkeztu genituen lehiaketetara. Proiektuetako baten jarraipena egin genuen, baina momentuz bertan behera geratu da. Besteaz ez dakigu ezer momentuz. Pentsatzen dugu sariek balio dezaketela proiektuak burutzeko, baina testuingurua hartu behar da kontuan. Eremu publikoan nahiz pribatuan eragitea proposatzen da, horrek zaildu egiten du, baina batez ere testuinguru politikoa da zailtzen duena. Asmo handiko proiektuak dira, eta egonkortasuna behar izaten da, babes publiko handia behar duten proiektuak direlako.
Hirugarren proiektua Hondarribiko harresiari lotutakoa da, duela urte batzuk Alberto Ustarroz eta Manuel Iñigez arkitekto eta zuen irakasleekin batera egindako proiektua da.
Harresiaren fase honen berrikuntza lehenagotik abian zegoen proiektu zabalago baten zati bat zen. Kasu honetan, mendebaldeko murruaren zaharberritzea. Beharbada harresien parte nagusiena da, defentsarako garrantzitsuena zena, eta hiriaren fatxadan isla handia du. Albertok eta Manuelek proposatzen zuten proiektuaren funtsa zen harresiaren zati horrek zituen elementu nagusiak berreskuratzea. Batetik, San Nikolas atea berreraikitzea, dagoeneko eraikia zegoen zubiari izaera propioa ematea. Modu batean, Santa Maria ateak duen garrantzia eman nahi zitzaion San Nikolas ateari. Eta bestetik, murruaren goialdean zeuden elementu sakabanatuak indartzea, berreskuratzea harresiek duten goialdeko gailur zuzen hori.
Hirigintza aldetik ate garrantzitsua da orain San Nikolas atea, zubia eraiki zenetik Alde Zaharreko sarbide nagusia bilakatu baita.
Garrantzitsua da kanpoan eraiki diren etxe berri horiek eman diotelako erabilpena, galdua zuen zubi eta konexio hori, interbentzio horrekin berreskuratu zituen. Harresiaren berrikuntza honek bilatzen zuen interbentzio horri irudi berri bat ematea, garai batean harresiak zuen irudiarekin bat datorrena.
Nolakoa da Hondarribiko harresia? Zein ezaugarri ditu arkitektura aldetik?
Egun ikusten ditugun harresiaren parte gehienak XVI. mende hasieran eraiki ziren. Garai hartan punta-puntan zeuden harresiak ziren, Espainiaren eta Frantziaren arteko liskarren protagonista izan ziren. Erdi Aroko harresia eta gero beste harresi kaskarrago batzuk eraiki ziren, eta horiek artilleriara egokitzeko sortu ziren egun ikus daitezkeenak. Garai hartakoak dira, gauza batzuk kenduta, 1530 eta 1550 urteen artean eraikitakoak.
Zein garrantzia izan du historian zehar?
Garai hartan garrantzia militarra eta estrategikoa zuten. Hiriarentzako oso garrantzitsuak izan ziren harresiak, hiriaren funtsa hori zelako, hiri estrategikoa zelako. Hondarribia hiri militarra bilakatu zen Bidasoaren mugan, Espainiako Erresumaren lehenengo defentsa zen, eta horren baitan hazi egin zen hiri guztia XVIII. mendera arte.
Gero harresi horiek desagertu ziren, setio batzuen ondoren, funtzio militarra galdu zuten, eta ehun bat urtean oso ahaztuak egon ziren: etxeak eraiki egin ziren gainean, landareak eta begetazioa guztiz hartuta egon ziren… Hiriak izan zuen funtzio aldaketa erradikal horrekin lotuta, harresiak alde batera geratu ziren.
Orain daukaten funtzioa oso bestelakoa da, ondarearen aldetik dute garrantzia, baita turismo arlotik ere, eta harresien berreskurapenak lortu du lehen zuten funtzio militar horri beste erabilpen bat ematea.
Euskal Herrian eta inguruan, badu parekorik?
Iruñeko harresiak zati batzuk garai berekoak ditu, beste batzuk gerokoak. Eta Baionako harresia ere, gutxi gorabehera garai berekoa da.
Zeintzuk dira orain artean murrua zaharberritzeko egin diren interbentzioak?
Harresien zaharberrikuntza hasi zen 1960ko hamarkadan, Manzano-Monis arkitektoaren eskutik. Erreginaren bastioia [edo baluartea] zaharberritzearekin hasi zen. Gure ustez harresien zaharberrikuntzan garrantzitsuena izan zen hori, harresietara berriro begiratzea, eta hegoaldeko eta mendebaldeko bi zatiak lotzea suposatu zuelako. Ikono bat eraiki zen, egungo Erreginaren bastioia, hiritarren imajinarioan sekulako indarra duena. Horren baitan beste zaharberrikuntza batzuk hasi ziren.
Urte batuk geroago, 2006 inguruan, Albertok [Uztarroz] eta Manuelek [Iñiguez] jarraipena eman zioten zaharberrikuntzari, Erreginaren bastioiaren hurrengo zatian interbenitu zuten, hiri parke antzerakoa sortuz. Hortik aurrera hegoaldeko murruaren zaharberrikuntza, mendebaldekoarena, Santa Maria ateaurrea, eta beste interbentzio txikiago batzuk egin dira.
Mendebaldeko hormaren jarraipena egiteke dago, ez? San Nikolas baluartea eta Madalenako kuboa.
Bai, badaude falta diren zati batzuk, eta inportanteena San Nikolas bastioiaren zaharberrikuntza litzateke. Beharbada Espainiako Estatuan eta Europan dagoen garai horretako bastoi eraikin bakarrenetakoa edo hobe kontserbatuta dagoena da. Interbentzio zaila da, arazo asko daudelako atzetik, baina dudarik gabe Hondarribiko harresien erregina litzateke. Orain Erreginaren bastioiak garrantzia handia du, zaharberritu den bakarra delako. Baina zaharberritu gabe dagoen San Nikolasena berez da eraisketengatik salbu geratu zen bakarra.
Duela urte batzuk ematen zuen egin behar zela, baina gelditu egin zen. Akaso, krisiaren eraginez?
Ez da dirua bakarrik, testuinguru guztia hartu behar da kontuan. Gizartea interes batzuengatik mugitzen da eta aurrekontuak ere bide beretik doaz. Baina horrek ez du esan nahi egingo ez denik, edo geldirik dagoenik. Gestio asko daude horrelako proiektu baten atzean. Nik uste epe ertainera gauzatuko den proiektu bat dela San Nikolas bastioiaren zaharberritzea.
Arkitektoa izanik, eta arkitektura klasikoaren zale bazara, pentsatzekoa da Hondarribiko arkitekturak zerikusia izan duela zure ibilbidean…
Nire lankidearen kasuan gauza bera esan daiteke, bera gasteiztarra izanik. Niretzat, hemen bizitzea garrantzitsua izan da arkitektura zale izateko. Gaztetan- eta arkitektura ikasketetako lehen urteetan eragin handia izan dute niregan harresiek, parrokiak, gazteluak… Dudarik gabe.
Zer da Hondarribiko arkitekturatik nabarmenduko zenukeena?
Hiria orokorrean. Badira arkitektura garrantzitsu puntualak, baina mantendu izan duen izaera nabarmenduko nuke, hiribilduaren inportantzia hori, baina baita Portuko zonalde horrena… Horrek guztiak eragina izan du nigan arkitekto bezala.
Zer aurpegi jarriko zenuke egun pasa datorren turista bat autobusetik jaitsi eta ‘nola joan naiteke pintxoen kalera’ galdetuko balizu?
Hori hondarribiar askori gertatzen zaie. Autobusean datozenek galdetzen dute ea non jaitsi behar duten eta Portuko geltokian jaisteko esaten diete. Baina onena Zumardia ondoan jaistea da, hirira sartu Santa Maria atetik, Kale Nagusia zeharkatu gazteluraino, eta hortik segituan zaude Portuan. Askotan gertatzen da hori, Hondarribira iritsi eta hiri harresitua dela konturatu gabe alde egin. Eta erraza da hori aldatzea, bisitariekin harremanetan dagoen jendeari gutxieneko gomendio batzuk eman, kontzientziatu, edo nolabaiteko ibilbide ofizial bat sortu, Hirigune Historikoa aintzat hartzen duena. Herri batera iristen zarenean lehen inpresioa garrantzitsua da, eta Portuko geltokian jaisten bazara, ez zaude ez San Pedro kalean, ez Alde Zaharrean. Ez da ikuspegi polita. Hondarribiko fatxada onena harresia da, horretaz ez dut zalantzarik.
Arkitektura klasikoan aditua zara, hori da hartu duzun bidea, bai zuk, baita Iparragirre lankidea ere. Zergatik?
Gustatzen zaiguna da arkitekturaren historia guztia, eta arkitektura horiek irakatsi dezaketena, gure eguneroko lanean eta gure egitean daukaten eragina.
Eraikuntzak egiteko moduan eta tradizioan oinarritzen den arkitektura aldarrikatzen duzue zuen lanaren bidez… Zer ikasi beharko litzateke arkitektura eredu horretatik?
Hori oso pertsonala da. Finean, guk pentsatzen duguna da ondareak uzten dizkigun arkitektura horiek guztiak, ikusteko eta ikasteko elementuak direla. Historian zehar arkitekto asko egon dira guk bezala pentsatu izan dutenak, eta bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu, bakoitzak ondorio desberdinak ateratzen ditu ondarean dauden elementu horiek aztertuta.
Gure kasuan, beharbada, hiriaren garrantzia da ateratzen dugun ondorio nagusia, eraikin bakoitzak hiriarekin zein erlazio duen interesatzen zaigu gehien, eraikinek kaleekin, edo plazekin duten erlazioa. Elementu isolatuak izanda, nola lortzen duten elkarrekin komunitatearen parte izatea.
Aurrera begira, beste proiekturik baduzue eskuartean?
Bagabiltza beste lehiaketa batzuk prestatzen, proiektu txikiago batzuekin… Azkenean, arkitekto lana gure lanaren zati txiki bat da. Bagabiltza baita ere inbestigazio lanean eta irakaskuntzan —unibertsitateko irakasle dira biak—. Horrela ulertzen dugu gure lana, ez bakarrik egitea, baita zer egite hori pentsatzea ere.
Hurrengo hilabetean Tradizio Klasikoko Bikaintasun Emergentearen saria jasoko duzue New Yorken. Hori eta gero, antzerako sariren bat, ez dakit zein proiektu egiteko aukeratuak izatea… Ba al duzue horrelako ametsik?
Ez, konkretuki ez. Ametsa izango zen pentsatu eta sentitzen dugun bezala egin ahal izatea. Horretan gabiltza, hori da gure borroka, eta horregatik izan da hain garrantzitsua guretzat sari hau jasotzea. Lan egiteko modu bat saritu dutelako, eta guretzat garrantzitsua da, zoriontsu izateko, sentitzen dugun bezala lan egitea.