2018ko diru laguntzen banaketak sutan jarri ditu GKEak
2018ko diru laguntzen deialdira aurkezturiko 21 proiektuetatik 18 atzera bota ditu Hondarribiko Udalak. 85.000 euro banatu gabe geratu dira.
Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako diru laguntzen 2018ko deialdira aurkeztu ziren 21 erakundeetatik hiruk baino ez dute laguntzarik jaso. Beste hemezortziei diru-laguntza ukatu die Hondarribiko Udalak. 25.500 euro banatu dira, beste 84.500 banatu gabe geratu dira.
Gertatu denak sutan jarri ditu eskualdeko GKEak, eta proiektu solidario asko egin gabe edo hankamotz geratu dira. Izan ere, diru laguntzen deialdia azaroaren 28an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, ohikoa dena baino askoz ere geroago —beste erakundeetan ohikoa da udaberrian egitea deialdia—.
Halaber, udalak diruz laguntzen dituen proiektuak ezagutarazteko Hondarribia Elkarlanean 2018 jardunaldia irailaren 25ean egin zen. Aurreko ekitaldietan, diru laguntzak banatu eta gero egiten zen jardunaldi hori. Aurten, diru laguntzak ezagutu gabe parte hartu zuten erakundeek jardunaldi solidarioan. Gerora, erakunde horietatik 18k ez dute diru laguntzarik jaso, udalak diruz lagundutakoak balira bezala parte hartu zuten arren ekimen horretan.
Azaroaren 28tik abenduaren 28ra izan zuten elkarteek proiektuak aurkezteko aukera. HITZAk jakin duenez, ebazpenak abenduaren 31ko data du, nahiz eta onuradunek eta kaltetuek ez dute horren berri izan 2019ko martxoa bukaerara arte. Hau da, agiriaren dataren arabera, udalak hiru egunetan aztertu zituen proiektu guztiak, baina ia hiru hilabete behar izan ditu horren berri emateko.
Kasu gehienetan, ez dira onartu 2018 urtera mugatzen ez ziren proiektuak eta 2018-2019ko biurtekoan burutzeko proiektuak kanpoan utzi dira. Honek ere asaldatu ditu GKEak, proiektuak “modu prebentiboan baztertu” dituelako. Ez ditu atzera bota 2018koak ez diren gastuak, baizik eta 2018a gainditzen dituzten proiektuak. Ez du kontuan hartu elkartasunezko proiektu gehienak ez direla urte batera mugatzen, berezko ezaugarriengatik. Deialdia hain berandu egin izanak, erantzuteko aukerarik gabe utzi ditu GKEak, errekurtsoa jarrita ere, egoera zuzentzeko aukerarik ez baitago.
Karitatezko Lanen Elkartea, Gipuzkoako Oskar Romero Solidaritate Batzordea eta Munduko Begiak dira laguntza jaso duten bakarrak, 25.500 euro guztira. Jaso ez dutenak beste hemezortzi hauek: Chiapas Enea; Lankidetzarako Ingeniaritza; Salvamento Maritimo Humanitario; Txingudi Vida; Mundu Solidarioa Helburu; Denok Osasunaren Alde; Misiones Diocesanas Vascas; Abarka; Gure Laguntza; Of Solutions; El Jireh; Mugen Gainetik; Ekialdea Nazioarteko Lankidetza Humanitarioa; Vicente Ferrer Fundazioa; Taupadak; Etiopia Utopia-Tikal Fundazioa; Proyde-Proega Fundazioa; eta Abay (Nilo Azul).