Zaharrena berri
Hondarribiko 37. Eliz Musika Zikloa egingo dute bihartik hasita bi asteburuz. Une gozoan dago Eskifaia Elkartea antolatzailea, eta prestatu duen egitarauan isla izango du horrek.
Ez dago zaharragorik. Euskal Herriko eliz musika jaialdirik zaharrenak 37 urte beteko ditu aurten. Hondarribiko Eskifaia Elkarteko hiru abesbatzak —Eskifaia ahots mistoena, Xatz Eskifaia ahots zuriena eta Eskifaia Txiki haurrena—, osasuntsu daude eta horrek isla izango du urtero antolatzen duen ekitaldi nagusian. Bi asteburutan banatuta, azken urteotako formatuari eutsi diote, baina horrek ez du esan nahi berritasunik gabea denik.
Bihar eta etzi, eta hurrengo asteburuko larunbat eta igandean egingo dute Hondarribiko 37. Eliz Musika Zikloa. Asteartean aurkeztu zuten egitaraua, parrokiaren kanpoaldean. Bertan elkartu ziren Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Juan Ignacio Aristizabal Eskifaia Elkarteko presidente eta abesbatza mistoko abeslaria, eta Elena Usoz ahots zurien koruko kidea. Alkateak, urteotako lana eskertu zion Eskifaiari: “Eskertu nahi diet egiten duten ekarpena, ez bakarrik haiek duten zaletasuna lantzen dutelako, eta hiru abesbatzetan parte hartzen dutelako, baizik eta haien lanketaren ondorioz ziklo hau bezalako proposamenak herritar guztiei zabaltzen dizkietelako ere”.
Zikloa 37. ekitaldira iritsiko da bihar, eta leku garrantzitsua du herriko kultur programazioan. Baina Hondarribiko mugak gainditzen ditu, bai antolatzaileek kanpotik ekartzen dituzten maila handiko taldeengatik, baita horiek erakartzen duten bisitariengatik ere. Euskal Herrian egiten den eliz musikaldi zaharrena da, eta horrek, Sagarzazuren hitzetan, “bizitasuna eta sendotasuna” eman dio. “Ziklora etorri den edozein entzulek ikusi du benetan aukera paregabeak ditugula musika gustagarriak entzuteko, beti ere eliz musikaren arlo horretan”, esan zuen.
Hala, eskualdeko musika zaleei gonbita luzatu zien alkateak bi asteburuetan zehar kontzertuetara hurbil daitezen: “Aste Santuaren bueltan aukera asko izaten dira horrelako kontzertuak entzuteko, baina hau etxean bertan dugu, eta musika benetan gustagarria. Aurten, gainera, berrikuntzekin, eta gauza oso erakargarriekin”.
Hainbat nobedade
Aristizabalek jakinarazi zituen 2019ko ekitaldiko berritasunak, aldaketa nagusienetik hasita: “Urte gehienetan elkarteko helduen bi abesbatzek itxi dute ekitaldia, ahots zurienak eta mistoak, aurten desberdina izango da. Eskifaia koru mistoak igande honetan abestuko du, eta ahots zurien Xatz abesbatzak hurrengo igandean, Ondarroako Unanue Kamara Koralarekin taldea osatuz”.
Unanueren eta Xatzen saioak itxiko du jaialdia, eta kontzertu berezia izango dela nabarmendu zuen Usozek: “Batez ere, euskal konposatzaileen obrak aukeratu ditugu, euskal musika indartu eta goraipatu nahi izan dugu modu batean. Gero, badira bi japoniar eta beste bi egile”. Errepertorio garaikidea da bildu dutena. Hainbeste, ezen ziklo zaharrean izan den errepertorio berriena osatu baitute oharkabean: “Ugalde, Sarasola, Elberdin… Egile guztiak bizirik daude, horretaz gero ohartu ginen, aukeratu eta gero”.
Unanue Kamara Koralarekin batera, Pierres Lyriques Ganbera Koruak eta Ingenium Ensemble seikoteak osatzen dute gonbidatuen zerrenda. Eskifaiako presidenteak azaldu zuenez, hainbat gauza hartzen dituzte kontuan egitaraua zehazteko orduan: “Zikloa oso ezaguna da, eta eskaerak jasotzen ditugu urtero. Noski, cachea ere kontuan hartzen dugu egitaraua osatzerakoan”.
Aurten, adibidez, aurkezten den lehiaketa guztietan lehen saria lortzeko ohitura duen Ingenium Ensemble seikote esloveniarra kontratatu dute, eta horrek kostu handia du. “Askotan aurrekontua egiten duzu eta, ekarriko dituzun taldeak aukeratzeko, aurrekontuan sartu behar dira. Gero, beti saiatzen gara gutxi gorabehera eskualdekoa den abesbatza bat sartzen”. Pierres Lyriques izango da 2019ko karteleko eskualdeko ordezkari hori, eskualdea gainditzen duen arren; Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Goi Pirinioetako abeslariak biltzen ditu.
Orotara, bost talde eta lau kontzertu entzuteko aukera izango da eliz musikaldiaren 37.ean. Saio oso desberdinak, Usozen iritziz: “Aberastasuna da kontuan hartzen dugun beste ezaugarri bat, abesbatzen arteko aniztasuna, ez izatea talde antzerakoak”.
Parrokia, zutik
Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Maria elizak jasoko ditu emanaldi guztiak. Lehen asteburuko igandean, hau da, etzi, Eskifaia abesbatzak Londresetik… Harlemera. Ingalaterrako abadietatik afroamerikar gospelerako bidaia goiburuko emanaldia eskainiko du. “Gorka Aierbe zuzendariak musika ingelesetik Harlemgo musikaraino trantsizioa egin du, Ingalaterrako erlijio musika tradizionaletik, gospelera”, adierazi du Aristizabalek. Taldearentzako erronka handia suposatu duela onartu du Eskifaiako kideak: “Dena ingelesez da, zaila da ondo egitea, helburua hori baita, ondo egitea, zuzen ahoskatzea”.
Bidai horretan, tradizio anglosaxoian oso ohikoa den jarduera bat gauzatu nahi du Eskifaiak, publikoa zutik jarri nahi dute, haiekin batera abestu dezaten. Hark the Herald Angel Sing da erronkarako hautatu duten abestia, Gabon garaian Ingalaterrako tenpluetan abesten den kanta. Abestiak hiru zati ditu, eta lehenengoan eta hirugarrenean parte hartuko du publikoak. Eskifaia Txiki haurren koruak ere kantatuko du Hark the Herald Angel Sing abestian.
Noski, baliteke norbaitek letra ez ezagutzea. Hori ere kontuan izan dute Eskifaiakoek. Hala, bankuetan banatuko diren orrietan, bi testu irakurri ahal izango dituzte entzuleek. Batak, ingelesez dakitenentzat, Hark the Herald Angel Sing abestiaren letra jasotzen du. Eta bestean, ingelesez ez dakitenei begira, nola ahoskatu behar den azaltzen duen moldaketa ageri da.
Ikusi testuak hemen
Joan den igandean entseatu zuten abestia parrokian bertan, elkartearen gertukoak diren bi dozena inguru pertsona publikoaren lekuan jarrita. Aurtengo berezitasunen artean igandeko kontzertukoa da handiena, eta hilabeteak daramatzate prestatzen, ezerk ez dezan unea gozakaiztu.
Esloveniako sei izarrek argituko dute gehien eliza
Bi asteburutan banatuko da 37. Eliz Musika Zikloa .Eskifaiak prestatu duen egitarauan 2014ko Tolosako lehiaketan sari guztiak irabazitako esloveniarrak bereizten dira
Bi asteburu, lau kontzertu, bana larunbat eta igande bakoitzean. Bada urte batzuk Hondarribiko Eliz Musika Zikloak egitaraua bi asteburutan banatzen hasi zela eta, nonbait, ondo doakie. 37. ekitaldirako lau emanaldi oso desberdin aukeratu dituzte, publiko zabalera iristeko moduan.
Kontzertu guztiak doan dira eta 20:00etan hasiko dira. Garaiz joatea komeni da, leku ona hartzeko, eta abeslarien jarduna ez oztopatzeko. Nolanahi ere, behin emanaldia hasita, kanta eta kanta artean sartzeko aukera izango da.
Pierres Lyriques
Bihar, 20:00etan
Francois Iturbide abesbatza zuzendari eta eszenografoak 2006an sortua Rossiniren Meza Nagusi Txikia interpretatzeko. Hogeita hamar abeslarik osatzen dute taldea, Pierres Lyriques Abesbatza Handiko, Baiona eta Paueko kontserbatorioetako abesbatzetako eta Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Goi Pirinioetako beste talde batzuetako kideak.
Errepertorio handiko obretan eskarmentua dute. Azken urteetan eliz musikako klasiko asko landu dituzte, hala nola, Mozarten eta Fuareren Requiem-ak; Vivaldiren Gloria, Magnificat eta Credo-a; Schubert-en Meza Sol doinuan; edota Bach-en 5. Missa Brevis, besteren artean.
Hondarribian, Faure, Bach, Vivaldi, Campos, Goikoetxea, Kodaly, Wesley eta Haendelen piezak abestuko dituzte.
Eskifaia Abesbatza
Etzi, 20:00etan
Eskifaia Elkarteko abesbatza mistoak Londresetik… Harlemera. Ingalaterrako abadietatik afroamerikar gospelerako bidaia emanaldia prestatu du aurtengo ekitaldirako. Gorka Aierberen zuzendaritzapean lau zatitan banatu dute programa, Royal Chapelean musika, Erlijio-ereserkia, Londresetik… eta …Harlemera. Bigarren zatiko azken abestian, Eskifaia Txiki haurren koruak eta publikoak parte hartuko dute.
Soprano bakarlari bezala Elisa di Pietrok jardungo du. Gerardo Rifon organoan eseriko da, eta Oier Etxaburuk pianotik lagunduko du.
Ingenium Ensemble
Hilaren 13an, 20:00etan
Ljubljanako (Eslovenia) abesbatza, izen handikoa, 2009an sei anai-arrebek sortua; horietatik lauk jarraitzen dute seikotean. Lortutako izendapen ugarien artean, sari nagusiak lortu izan dituzte Bad Ischl hiriko (Austria) Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan, Leipzigeko (Alemania) A Cappella Nazioarteko Lehiaketan edo Arezzo (Italia) hiriko Lehiaketa Polifonikoan. 2014ko Tolosako lehiaketan sari guztiak irabazi zituzten: Eliz Musikaren saria, Musika Profanoaren saria eta Publikoaren Saria.
Haien errepertorioan Berpizkunde garaiko madrigalak eta moteteak dituzte, baita obra garaikideak eta Esloveniako herri kantak ere. Obra ezezagunak edo oso urritan interpretatuak aukeratzen dituzte, askotan haien herrialdeko konpositore gazteenak.
Xatz Abesbatza eta Unanue Kamera Korala
Hilaren 14an, 20:00etan
Aurten 30. urteurrena beteko duen Ondarroako ahots zurien taldea da Unanue Kamara Korala, 1997tik Estibalitz Arrizabalagak zuzentzen duena. Eliz Musika Zikloa itxiko duen jaialdian Hondarribiko Xatzekin batera abestuko du, eta Arrizabalagaren ondoan Xatzeko Amaia Aldalur ariko da zuzendari lanetan.
Unanuek eta Xatzek egitarau garaikidea hautatu dute, interpretatuko dituzten abesti guztien egileak bizirik baitaude. Oarso Bidasoko bi konposatzaileren obrak entzungo dira, Eskifaiako sortzaile Javi Busto hondarribiarraren Ave Maria eta Josu Elberdin pasaitarraren Beata es, Virgo Maria eta Ave Verum. Gipuzkoako beste hiru egile ageri dira egitarauan, Eva Ugalde donostiarra, Xabier Sarasola beasaindarra eta Ignacio Gonzalez zumaiarra.