Korrikaren lekukoa olinpikoa izan zenekoa
9. Korrikaren lekukoak metro batzuk ibilbidetik kanpo egin zituen, herri olinpiaden bazkariko oholtzara igotzeko.
Bizitu zutenek ez dute inoiz ahaztuko 1993ko martxoaren 27ko arratsaldean gertatu zena. Larunbata zen eta bederatzigarren Korrika abian zen bezperatik. Iruñean hasi eta Bilbon bukatzekoa zen apirilaren 4an, 2.120 kilometro egin eta gero. Aide Korrika! izan zen ekitaldi hartako kanta, Jon Sarasuaren hitzekin Joseba Tapiak eta Xabier Berasaluze Leturia-k moldatutakoa.
Bazkalostean sartu zen Korrika Hondarribira, eta Portu auzora iristerakoan gertatu zen gertatu beharrekoa. Ehunka gazte herri olinpiadetako bazkaria ospatzen ari ziren Benta Zaharrean eta, ibilbideak hala zehazten ez zuen arren, Benta barrura sartu zen tropela. Ikurrinadun lekukoak atea igaro zuen momentuan Korrikaren abestia jotzen hasi ziren oholtzan, nortzuk eta Tapia eta Leturiak. Olinpiadetako bazkalostea girotzeko kontratatu zuten gazteek trikitilari bikotea eta momentu historikoaren parte izan ziren.
AEK-ko arduradunak hura ez zela aurreikusitakoa esaten ari zirela, lekukoaren eramailea oholtzara igo zen, gazteen gozamenerako. 1993. urtean ez zen Internetik, bestela momentu hura trending topic izango zen, seguru. Ez da gutxiagorako, beste inon ez baita halakorik gertatu, lekukoa bahitzea Korrikaren abesti ofiziala zuzenean jotzen zuten bitartean. Bertan zirenek, eta Korrikaren arduradunek, ez dute inoiz ahaztuko euskararen aldeko ikurra olinpiar lastargi bilakatu zenekoa. Pena inor ez zela argazkia egiteaz arduratu.
Lekukoa, hondarribiarra
Aurreneko ekitaldietan Hondarribira sartzen ez zen arren —Irunen egiten zuten korrika—, lehen unetik bertatik Hondarribiari estu lotuta egon da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Izan ere, Remigio Mendiburu eskultore hondarribiarrak diseinatu zuen lehen lekukoa, lehen hamar ekitaldietan erabili zena.
Juan Gorritik eman zion Mendibururi lekukoa sortzeko ideia eta, hura hondatu zenean —San Telmo museoan ikus daiteke orain—, artista oderiztarrak hondarribiarrarena kopiatu egin zuen egungoa sortzeko. 1999tik erabiltzen da Gorritirena, baina ez da berak egindako lehenengoa, bigarrena baizik. Lehenengoa proba bezala egin zuen, AEKri erakusteko. Bidasoko AEK-k du gordeta, eta Irun eta Hondarribiko ikasleek eramaten dute bi hirietan egiten diren Korrika Txikietan.