«Eskualdeko elkarteen bidez antolatutako jaialdia da Korrika Festa»
Korrika Festa egingo dute larunbatean Kasino Zaharrean. Gazte Xaiak antolatu du, baina udalaren eta eragile askoren laguntza izan dute.
Lehen aldiz Korrika Festa egingo dute Hondarribian, Gazte Xaiak antolatuta eta Hondarribiko Korrika batzordearen eta herriko hainbat eragileren laguntzarekin. Portuan egin nahi zuten, erdigunean, baina Kasino Zaharrean izango da azkenean.
Ekitaldi guztiak euskara hutsean antolatzen dituzten arren, lehen aldia da gazteek euskaltzaletasunari lotutako festa bat antolatzen dutena, eta lehen aldia, adin guztietako hondarribiarrentzako festa diseinatu dutena.
Nola okurritu zitzaizuen Korrika Festa antolatzea?
Irailean otu zitzaigun Korrika zetorrela-eta zer edo zer berezia presta genezakeela. Bilera horretan brainstorming moduko bat egin zen, hainbat ideia atera ziren, eta hurrengo hilabeteetan forma eman genion egunari. Lehen bileran ez genekien noiz izango zen ere, baina argi geneukan larunbatean egin nahi genuela, horrela, herritar gehienek Korrikaz gozatzeko aukera eduki zezaten.
Behin forma emandakoan, udalean eskaera egin genuen, azaro bukaera aldera. Orduan, geldialdi luze bat iritsi zen, ez baikenuen erantzunik jasotzen. Hasieran, herriko elkarte ezberdinekin harreman zuzenagoa edukitzea genuen helburu, baina atzerapen honek jaialdia mugatu egin du eta ez dugu lortu gure buruan geneukan zabalpena ematea.
Nahiz eta duela bi aste jaso genuen behin betiko erantzuna, eta gauzak ondo zehazteko denbora gutxi izan dugun, azkenean ganorazko jai bat egitea lortu dugula uste dugu.
Zeintzuk dira festaren helburuak?
Herriko eta eskualdeko elkarteen bidez antolatutako jaialdia da Korrika Festa, hori bera helburu bat zen guretzako. Zentzu horretan, adin eta gustu ezberdineko ekintzak antolatu ditugu, erraldoiak, bazkaria, kontzertuak, DJak… Horrela, bertara gerturatuko den jendeak euskaraz hartu ematea, eta ateratako dirua AEKri laguntzeko izatea dira beste helburu nagusietako batzuk.
Zergatik Kasino Zaharrean?
Gure hasierako proposamena Maddalen Plazan egitea zen, herriaren erdigunean egitearren. Baina Hondarribiko Udalak adierazi zigun Kasino Zaharra aproposagoa dela horrelako jaialdi bat egiteko. Ez gara berriak, denbora daramagu ekitaldi honen antzekoak antolatzen, herri olinpiadak edota Gazte Egunak adibidez. Horregatik, konfiantza apur bat gehiago eskertuko genuke; ea etorkizunean aukera dagoen.
Festa handia antolatu duzue,egun osokoa, bazkariarekin… Laguntza beharko al duzue?
Egitarauan ikus daitekeen bezala, hainbat elkarteren laguntza jasoko dugu, bai ekintzak aurrera eramateko, bai egunean bertan egitekoen banaketa egin ahal izateko: Izugarria! Erraldoi eta Buruhandi konpartsa, Olagarro eta Itsas Lur kultur elkarteak, Abiyuan Txaranga, Le Petit Treme eta Txantxangorri tabernak, eskualdeko bertsolariak eta Blagan Euskara Elkartea, horiek guztiek lagundu digute. Hondarribiko Udalak ere lagundu digu, eta azpiegitura eta elektrizitatea haien esku hartu dute. Eskertu nahiko genuke orokorrean hondarribiarren erantzun positiboagatik.
Eguraldi txarra egingo balu, ba al duzue ‘B planik’?
Udalaren laguntzaz karparen aukera adostu genuen, eguraldi txarra egingo balu ere bertan egin ahal izateko. Garrantzitsua iruditu zaigu hau, orokorrean, eguraldi txarrarekin Soroetan egiten baitira ekintza hauek, eta bertako soinua ez da oso aproposa. Egun erakargarria izateko kontzertu nahiko potenteak ekarri nahi izan ditugu Hondarribira, eta pena ematen zigun hainbeste kostatu zaigun jaialdiak soinu arazoengatik xarma galtzea.
Lehen aldiz Korrika Festa, aurrenekoz Korrika Gaztea ere… Itxura ona du aurtengo Korrikak. Zer esango zeniekete hondarribiarrei eta, bereziki, gazteei?
Goza dezatela, bai egunaz, bai Korrikaz, bai euskaraz. Argi daukagu euskararen erabilera ez dagoela oso zabaldua herrian eta Gazte Xaiak antolatzen dituen ekintza guztietan gure hizkuntzaren presentzia nabaria izaten da.
Lehen esan dizugu ohituak gaudela ekitaldi handiak antolatzera, baina hau da euskaltzaletasunaren inguruan antolatzen dugun lehen ekintza eta ilusio handiz egin dugu. Gainera, belaunaldi berriko hainbat gaztek parte hartu nahi izan dute, besteak beste, DJak; ez genuen horrelakorik espero. Aro berri baten hasiera izango delakoan, hondarribiar guztiei luzatzen diegu hurbiltzeko gonbidapena. Korrika badator, inoiz baino indartsuago!
Hondarribiko Korrika Festa
- 11:00etan. Izugarria! erraldoi eta buruhandien kalejira, Arma Plazatik Portura.
- 12:30ean. Poteoa Abiyuan txarangarekin, Portutik Kasino Zaharrera.
- 14:00etan. Herri bazkaria eta bertsolariak.
- 18:00etan. Andoni Ollokiegi.
- 20:30ean. Suaia eta Ama Rebel.
- Bukatzeko. DJ Unai eta DJ Arra.