Hauek dira 21. Korrikako Hondarribiko lekukoak
Asteleheneko 00:54an espero da Korrika Hondarribian. 41 minututan hamabost lekuko aldaketa egingo dira.
Egun gutxi geratzen dira 21. Korrikak Hondarribia bisita dezan. Ordutegia betetzen bada, asteleheneko 00:54an iritsiko da euskararen aldeko lasterketa Mendelura, Irundik. 41 minutuz zeharkatuko du herria, eta 01:35an sartuko da bigarrenez Irunen.
Hamabi ‘kilometro’ egingo ditu herrian, 830.etik 841.era, biak barne. Baina lekuko aldaketak hamabost izango dira, hiru kilometro konpartituak direlako: 831.a, Blagan eta Kofradiaren artean; 838.a, Olagarro eta Muara elkarteen artean; eta 839.a, Emekiren eta Amute-Kostako auzotarren artean.
Ibilbidea duela bi urtekoa izango da, salbuespen batekin, Irunera itzultzerakoan, Letxunborrotik gora beharrean, Hondarribia kaletik jarraituko duela. Honakoa da 21. Korrikak Hondarribian egingo duen bidea:
Amutalde, Aireportuko errepidea, San Juan de Dios biribilgunea, Minasoroeta, Kale Nagusia, San Nikolas, Juan Laborda, Javier Ugarte, San Pedro, Zuloaga, Sabin Arana, aireportuko errepidea eta Amutalde.
San Juan de Dioseko lekuko aldaketan aurretik doan furgoneta gelditu egingo da, eta kotxeak hartuko du gidaritza Alde Zaharreko zatian. Furgoneta San Pedro kale hasieran jarriko da berriro Korrikaren burualdean.
Ordubata inguru izango da herrira sartzen denean, eta horren zain egon nahi dutenek plana eginda dute, zain egoteko denbora azkar joan dadin. Aurretik, Korrika Txikia eta Gaztea egingo dituzte ostiralean. Eta larunbaterako Korrika Festa prestatu dute Gazte Xaiak eta Hondarribiko Korrika batzordeak. Ostiraletik nabarituko da Korrika badatorrela, parte hartzen ez duenak ez dezan ‘jo, ez naiz enteratu’ aitzakia bezala jarri.
Hondarribiko lekukoak
- 830 km. Mendeluko zubian. Gazte Xaia.
- 831 km. Amuteko autobus geltokian. Blagan.
- 831 km. Aireportuko errepidean. Arrantzaleen Kofradia.
- 832 km. Aireportuko autobus geltokian. Abotsanitz.
- 833 km. San Juan de Dios biribilgunean. Hondarribiko EAJ.
- 834 km. Udaletxean. Hondarribiko Udala.
- 835 km. San Kristobal plazan. Talaia BHI.
- 836 km. San Pedro kalean, Hawaii inguruan. Txantxangorri taberna.
- 837 km. Zuloaga kalean (Hermandadean). Hondarribia Arraun Elkartea.
- 838 km. Maitane tabernan. Olagarro Kultur Elkartea eta Muara Elkartea.
- 839 km. Aireportuko biribilgunean. Emeki Emakume Elkartea eta Amute-Kostako Auzo Elkartea.
- 840 km. Amuteko semaforoan (haur parke ondoan). EH Bildu.
- 841 km. Mendelun (Psilocybenea parean). Bidasoaldeko Ospitalea.
Ikusi aurreko ekitaldiko argazkiak