Laurtekoaren balantze "gazi-gozoa" egin du Abotsanitzek
Agintaldian zehar "oposizio eraikitzailea" egin duela esan du Hondarribiko oposizioko lehen taldeak.
Astebete lehenago udal gobernuak egin bezala, Hondarribiko oposizioko lehen taldeak agintaldiko balantzea egiteko prentsaurrekoa eskaini zuen ostiralean. San Pedro kaleko egoitzan bildu zituen Abotsanitzek kazetariak. Bertan izan ziren Igor Enparan udal taldeko bozeramalea eta beste bi zinegotziak, Ortzi Alonso eta Juanito Ortiz.
Enparanen ustez, “eskarmentua hartzeko eta hobetzeko” balio izan du agintaldiak, eta hainbat datuetan laburtu zuen laurtekoa: “25 mozio aurkeztu ditugu, 120tik gora eskaera idatzi egin ditugu, 40tik gora ekarpen egin ditugu aurrekontuetan hobekuntzak egiteko, eta udal gobernu taldearen kontrola egin dugu”. Ekimenetako asko herriko eragile eta herritarrengandik jasoak izan direla nabarmendu zuen Enparanek: “Gure asmoa herrian sentitzen diren arazoei erantzutea izan da eta udal barneko arazoei konponbideak proposatzea”.
Egindako proposamenetako asko ez direla gauzatu onartu zuen Abotsanitzen bozeramaleak: “Batzuetan udal gobernuak gehiengo osoaren bitartez atzera bota ditu, eta beste batzuk ez dira kontuak hartu ere”. Lortu direnen artean, bereziki bat nabarmendu zuen: “Mugikortasun Mahaia eratzea proposatu zen eta martxan dagoen lanketa hau modu interesgarrian baloratzen dugu”.
Agintaldian zehar “oposizio eraikitzailea” egin dutela esan zuten Abotsanitzeko zinegotziek ostiralean. Udalaren barne egoeraz kezka adierazi zuten, eta lau puntutan laburbildu zuten kezka hori: Laurtekoan 12 funtzionariok lana utzi dutela eta bi baino ez direla sartu, udal zerbitzuen kontratazioan hainbat kontratu iraungita daudela, Hondarribia Lantzen eta Arma Plaza Fundazioaren inguruan gauzek ez dutela behar bezala funtzionatu, eta eragileek eta herritarrek eginiko eskaerei udalak erantzunik ez ematea oso ohikoa dela.
EAJri, “autokritika falta”
Ortzi Alonsok kritikatu egin zuen astebete lehenago EAJk eginiko balorazioa. “Agintaldi hau inondik inora ez da izan elkarrizketa, kontsentsua eta akordioaren agintaldia. Hori da EAJk saldu nahi izan duen irudia”. Hala, “autokritika falta nabarmena” leporatu zien Alonsok jeltzaleei.
Bere hitzetan, elkarlanerako borondate eza erakutsi du udal gobernuak, eta 2019ko aurrekontuen plenoan gertatutakoa gogorarazi zuen: “Osoko emendakin bat aurkezteagatik, emendakin partzialak negoziatzeko deitu ere ez ez ziguten egin”.
Bestalde, kudeaketan “gardentasun falta” izan dela gaineratu zuen Abotsanitzeko zinegotziak: “Hainbat informazio lortzeko zailtasunak izan ditugu, askotan informazioa zeharkako bideetatik lortu behar izan dugu”. Zentzu horretan, herritarrek antzerako zailtasunak izaten dituztela nabarmendu zuen Enparanek: “Informazioa lortzea oso konplexua da, eta oso erraza beharko luke izan”.