Etxez etxeko zerbitzua borrokarako prest
Kontratu berriko pleguan lan baldintzak hobetzeko exijitu diote Hondarribiko Udalari. Soldata "ezegonkor eta baxuak" dituztela salatu dute langileek.
Hondarribiko etxez-etxeko zerbitzuko 21 langileak San Pedro kalean elkarretaratu ziren larunbat eguerdian. Aurreko egunetan ELA sindikatuak komunikabideetara bidalitako oharrean azaldu zituzten mobilizatzeko arrazoiak.
Azpikontrata baterako ari dira lanean baina zerbitzua eskaintzen duena eta baldintzak ezartzen dituena Hondarribiko Udala da. Horregatik, udalari zuzendu zaizkio langileak, lan gatazkan inplikatu dadin. “Hiru bilera eduki ditugu, eta nahiz eta egoera ulertzen dutela esan, bost hilabeteetan ez dugu erantzun konkreturik eduki. Eskaintza publikoa zenbat hobetzeko prest dagoen jakin nahi dugu, eta eskaintza hori noiz egingo den”.
ELAk jakinarazi duenez, udalaren eta enpresaren arteko kontratua duela bi urte agortu zen. Kontratu berria haien “lan baldintza prekarioak” hobetzeko balioztatu dezala eskatu diote udalari. “Oraingo impasse hau baliatu nahi dugu enpresarekin negoziatu, hitzarmen duin bat lortu, eta datozen pleguak gure hitzarmena barnebil dezan”.
Hitzarmen propioa ez daukatela azaldu dute, eta Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Hitzarmena aplikatzen zaiela. Horrek ez ditu etxez etxeko zaintza sektoreko faktoreak barnebiltzen: “Gure egoera prekarioa da oso: langileetan gutxiengo batek du jardunaldi osoa, gainontzeko guztiak kasuak sartu edo ez sartu zain egoten gera. Paralelismo bat egitearren, litzateke kamarero batek kobratuko balu saltzen duen kafesne kopuruaren arabera”. Jardunaldiak ezegonkorrak direla salatu dute, eta “soldata ezegonkorrak eta baxuak”.
Larunbateko elkarretaratzearen helburua udalari abisua ematea zen. “Erantzunik ez badaukagu, guk geure erabakiak hartuko ditugu. Zain egoteaz eta hitz politez nazkatu garelako”.