Aurten ez du maila eman
Hondarribia Futbol Elkarteko mutilen taldeak ez du Ohorezko Mailan jarraituko.
Larunbatean Aretxabaletarekin etxean 1-1 galdu eta gero, Ohorezko Maila galdu du Hondarribia Futbol Elkarteak. Sei partida falta dira liga bukatzeko eta dagoeneko ezin da salbatu. Azken laugarrena, Allerru, 18 puntura dago, eta averagea lezoarren aldekoa da.
Aurten ez du maila eman Hondarribiak eta datorren urtean Erregional Preferentean jokatu beharko du. Zenbakiek argi adierazten dute berdeek aurten jasan duten gurutze-bidea: 28 jardunaldietan 11 puntu baino ez ditu lortu, bi garaipen, bost berdinketa, 21 porrot. Hamasei gol egin ditu, 77 sartu dizkiote.
31 urtez jarraian jokatu dute berdeek lurraldeko maila nagusian, beste inork baino gehiago. Azken urteotan zailtasunak izan ditu, baina azken momentuan eutsi izan dio mailari, ozta-ozta izan den arren. Aurten ez da miraririk izan.
Gazteak indartsu
Dena ez da iluna izan 2018-2019 denboraldian. Nagusien taldeak maila galduko duen denboraldi berean, Gazte Mailako lehen taldea Ohorezko Mailara itzuli da, eta oso lan ona ari da egiten. Gazteen bigarren taldea ere txukun dabil. Gazte Mailako jokalari batzuek dagoeneko debuta egin dute nagusien taldearekin.
Belaunaldi berriak gogotsu datoz eta helburu bat dute buruan. 2021 urtean Hondarribia Futbol Elkarteak ospatuko duen 50. urteurrenean, lehen taldearekin Ohorezko Mailan jokatzea. Hori izango da datozen bi urteetako erronka.