Eskualdeko manifestazioa egingo dute bihar, "guztien eskubideen" defentsan
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitu du.
Guztien eskubideak defendatzen leloarekin manifestazioa egingo dute bihar larunbatean Irunen, 17:00etan San Juan plazatik abiatuta. Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitu du eta hainbat atxikimendu lortu dituzte eskualdean. Besteak beste, EAJ, EH Bildu, Podemos, Abotsanitz eta IU-Ezker Anitza alderdiek, eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.
Txingudiko pentsiodunek nabarmendu dutenez, helburua ez da bakarrik pentsio duinak defendatzea, eskubideen defentsa egitea baizik: “Ez da pentsiodunen pentsioak defendatzea eta besteek horretan laguntzea, baizik eta elkarren artean guztien eskubideak defendatzea. Kendu, lapurtu dizkiguten eskubideak berreskuratu behar ditugu. Horretan datza gure etorkizunak, baita gure atzetik datozen belaunaldiena ere”.
Horretarako, “berdintasun ezan sakontzen duten politikak” alboratu, eta “pertsonen eskubideak erdigunean jarriko dituzten politikak” exijituko dituzte biharko manifestazioan.
Mobilizazioaren amaieran, Jabier Muguruzak eta Mertxe Tranchek manifestua irakurriko dute. Aurkezpena Koldo Ortega historialari hondarribiarrak egingo du.