Aritz Diez Oronoz arkitekto hondarribiarra New Yorken saritu dute
Tradizio Klasikoko Bikaintasun Emergentearen nazioarteko saria irabazi du, Imanol Iparragirre gasteiztarrarekin batera.
Aritz Diez Oronoz hondarribiarrak eta Imanol Iparragirre gasteiztarrak Tradizio Klasikoko Bikaintasun Emergentearen nazioarteko saria (Award for Emerging Excellence in the Classical Tradition) irabazi dute. Arkitektura eta Arte Klasikoaren Institutua (ICAA), Eraikuntza, Arkitektura eta Hirigintza Tradizionalaren Nazioarteko Sarea (INTBAU) eta Ingalaterrako Carlos printzeak babesten duen The Prince’s Foundation erakundeek banatzen duten saria da, mundu osoko arkitektoei irekita dagoena.
Sariak, artearen, arkitekturaren eta hirigintzaren esperientzia historikoarekin errespetuz lan egiten duten gazte talentudunak nabarmentzea du helburu. Diez Oronozek eta Iparragirrek aurkezturiko hiru proiekturengatik jaso dute aurtengo ekitaldiko saria. Proiektu horietako bat Hondarribiko harresien zaharberritzearen jarraipena da, San Nikolas atearen berreskuratzea eta mendebaldeko murruari dagokiona.
Saria maiatzaren 5ean New Yorken jasoko dute Diez Oronozek eta Iparragirrek, Mekanikari eta Merkatarien Elkarte Nagusiaren liburutegian. Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, Arthur Ross sarien 38. ekitaldiko afarian omenduko dituzte bi arkitekto euskaldunak. Bertan, 400 gonbidatu baino gehiago egongo dira, horien artean sona handiko arkitekto, diseinatzaile eta babesleak.